Oñatiko udala

Liho landarearen erabileraren gaineko ikastaroa egingo da Arantzazuko parketxean

2022/09/23
Card image cap
Hiru ekintza zehaztu dira hasi berri den udazkenerako

  Gipuzkoako Parketxe Sareak abendura arteko programazioa aurreratu du eta udazkenean, kolore bezainbat jarduera egingo dituztela argitaratuz. Sei parketxek osatzen dute Gipuzkoako sarea, tartean Arantzazuko parketxeak.

  Gaztagintza nagusi izango da Arantzazuko parketxearen eskaintzan udazkenean. Gomiztegiko artzain eskolarekin lankidetzan arituko dira. Lehenago ere antolatu izan dituzte gaztagintzari buruzko sekretuak ezagutzeko bisita bereziak; parketxe parean hasi ohi dira eta, Gomiztegira doan ibilbide irisgarrian barrena artzain eskolara hurbilduta, gazta nola egiten den azaltzen da. Halakoak behin baino gehiagotan eskainiko dira udazkenean zehar.

  Aurtengo berrikuntza liho landarearen erabileraren haritik etorriko da. Garai batean Euskal Herrian oso zabaldua zegoen erabilera horren inguruko ikastaroa egingo da Arantzazuko parketxean, goiz batez. Data ez da jakinarazi, oraindik. Eta haurrak, eta familiak, bereziki gogoan hartuta, ipuin eta mito zaharren kontaketa saioak ere izango dira Marimundukoren eskutik.

  Hiru ekintza hauen berri aurreratu da jada Arantzazuko parketxetik, udazkenean sartu garen egun honetan. Bestelakoak ere sortu eta antolatu daitezke datozen egunetara begira, zer eta noiz izango den, astez aste iragarriko dute. Arantzazuko parketxean izango direnak ez ezik, Gipuzkoako parketxeen sarea osatzen duten beste bostetan antolatu direnak ere aurreratu dituzte, guztiak Fundazioaren web orrian daude ikusgai.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!