Oñatiko udala

Lide Mantxola Akizuk Gazte Saria irabazi du Bergarako amodiozko gutunen lehiaketan, bigarren urtez jarraian

2026/02/06
Card image cap
(Arg: Jardun)
Sari banaketa ekitaldia asteartean egingo da Seminarixo aretoan

  Jardun elkartearen 34. Amodiozko Gutunen Lehiaketako sarien irabazleen izenak argitaratu berri dira; Lide Mantxola oñatiarrak Gazte Saria jasoko du, bigarren urtez jarraian.

  54 gutun aurkeztu dira aurtengo lehiaketara. Sari nagusia Ainhoa Urzelai arrasatearrak jasoko du (500 euro), eta bigarrena, Leire Mendizabal ordiziarrak (250 euro). Bergarako Ipintza institutuko eta Aranzadi ikastolako bina ikaslek osatutako epai mahai bereziak erabaki du Gazte Saria eta Lide Mantxola oñatiarrak jasoko du, bigarren urtez jarraian; 150 euroko saria da. Bergarako Onena Saria Jone Arregik jasoko du eta azkenik, Parte-hartzaile Berriaren Saria, Iñaki Larrea arrasatearrarentzat izango da.

  Lide Mantxolak bere amari idatzitako gutunaz irabazi du Gazte Saria. Fikzioaren bidez eraikitako idatzia da Mantxolarena, hartzaile zehatza izanda ere, ama, alegia, figura horretatik abiatu eta gizarteari eta munduari zuzendutako mezu esanguratsu bat tartekatu nahi izan du sortzaileak, alde horretatik, helburua, idatzi intimo batetik haratago doala adierazi dio Goiena aldizkariari. Barrenak husteko idazten duela aitortu du eta hasieran hausnarketa baten oharra besterik ez zenari gutun itxura eman eta lehiaketara aurkeztea erabaki zuen. Iaz ere Gazte Saria irabazi zuen Lide Mantxolak, ordukoan, bere buruari zuzendutako gutun batekin.

  Asteartean, otsailak 10, egingo da sari banaketa ekitaldia Bergarako Seminarixo aretoan, 19:00etan hasita. Bertan, Amodiozko gutunen eta esaldien lehiaketetako sariak banatuko dira. Jarduneko antzerki taldekoen antzezlana izango da eta Amaiur eta Eiderren musika emanaldiak borobilduko du ekitaldia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!