Oñatiko udala

Lide Arregi Señora Sariketaren finalean arituko da bihar, Plentzian

2026/06/05
Card image cap
Zizur Nagusiko kanporaketan eskuratu zuen finalerako txartela

  VI. Señora sariketa amaitzear dago, finala Plentziako gaztetxean jokatuko da bihar, 18:00etan. Aurrez bi kanporaketa jokatu dira, Baionan, maiatzaren 16an eta Zizur Nagusian, maiatzaren 23an. Bigarren saio horretan kantatu zuen Lide Arregik eta finalerako txartela eskuratu zuen Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarragarekin batera. Beste hiru finalistak Oihana Iguaran, Ana Picallo eta Nahia Etxeberria ordezkatuko duen Maider Altuna dira.

  Señora sariketako finala egun osoko egitarauaren baitan ospatuko da bihar. Eguerdian, bertso karro-poteoa izango da Bertsozale elkartearen ahalduntze bertso-eskola feministan dabiltzan bertsolariekin, ondoren, bazkaria eta bingoa izango dira. 18:00etan finala eta 22:00etan musika: Zatekeen erromeria eta DJ Txillardegiren eskutik.

  Señora sariketa bertsolari eta bertsozale feministek 2021ean sortutako proiektua da. Señora hitzarekin, ahaldunduta dagoen emakume indartsuaren irudia azpimarratu nahi dute sariketaren antolatzaileek. Belaunaldien arteko aliantzak sendotzea ere bada Señora sariketaren helburua, ahalduntze kolektiboaren bidetik, lurraldetasuna aintzat hartuz. Sariketak lotura berezia du Oñatirekin, Maider Arregi antolakuntza taldeko kide izan da hasierako urteetan, III. sariketaren finala Gaztelekuan jokatu zen eta bertan Maider Arregik berak irabazleari dagokion pamela jantzi zuen. VI. sariketaren finalean beste oñatiar bat izango dugu, Lide Arregi, hain zuzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!