Liburutegiko laguntzailea aldi baterako kontratatzeko deialdia zabaldu du Udalak, Lanbideren web atarian

Udako beharrei egoki erantzuteko liburutegiko laguntzailea kontratatu behar du Udalak, aldi baterako. Lan poltsarik ez du eta inguruko udaletakoetatik hautagairik ez du lortu, ondorioz, Lanbidera jo du deialdia zabaltzeko.
Liburutegiko laguntzaile lanpostura aurkezteko, batxilergoa, titulu teknikoa edo parekoa izatea eskatzen da eta euskarari dagokionean, 3. HE, EGA, C1 pareko maila izatea. Ezinbesteko baldintza horiezaz gain baloratuko dira: eskatutako prestakuntza akademikoaren gaineko titulazioa izatea, lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak eta lanbide esperientzia. Aldi baterako liburutegiko laguntzaile lanpostu hau lehenbailehen bete nahi da eta horregatik, egun gutxitara mugatu da izena emateko epea; deialdia atzo argitaratu zen eta bihar itxiko da izen-ematea. Interesatuek Lanbideko web ataritik eman behar dute izena.
Emakumeen etxeko bi teknikari plaza betetzeko deialdira aurkeztu eta hautapen prozesuan parte hartzeko onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Era berean, epaimahaia osatuko dutenen zerrenda ere argitaratu da. 36 lagun aurkeztu ziren baina 26 bakarrik onartu dira, hasiera batean. Beste 10ak baztertu egin dira, izena epez kanpo emateagatik, eskatutako dokumentazioa ez egiaztatzeagatik edo eskatutako baldintzak ez betetzeagatik. Onartu diren 26 hautagaien kasuan eskatutako 4. Hizkuntza eskakizuna duten ala ez ere argitaratu da. Lau hautagaik bakarrik egiaztatu dute. Nolanahi ere, erreklamazioetarako 10 baliodun egun zehaztu dira, uztailaren 22ra arte, alegia.
Oso aurreratuta dago bestalde kirol teknikari plaza jabetzan betetzeko hautaketa prozesua. Azterketaldiko azken ariketen emaitzak argitaratu berri dira; gaitasun eta nortasun probek behin behineko emaitzen arabera, prozesuan zirauten hiru hautagaiek gainditu egin dute eta orain, izena ematerakoan aipatu zituzten merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu behar dute. Pasa den ekainaren 20an egin ziren azterketen emaitzekiko erreklamazioren bat aurkeztu nahi duenak bihar du azken eguna, merezimenduak egiaztatzeko, berriz, uztailaren 16ra arteko epea dago.
Azkenik, Komunikazio arloko teknikarien lan poltsa eratzeko deialdia ere hizpide hartu behar dugu, prozesura onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratu baitira; 13 lagun onartu dira eta bat baztertu, eskatutako oinarrizko gradu edo lizentziatura titulurik ez izateagatik. Era berean, azterketetarako egutegia argitaratu da eta ariketa teorikoa eta praktikoaren idatzizko zatia irailaren 15ean egingo da, ariketa praktikoaren ahozko zatia, berriz, astebete beranduago, irailaren 22an.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!