LGTBIQ+ diagnostikoa osatzeko, hasierako ondorioak eta aurrera begirako erronkak eztabaidatzeko saioak antolatu dira

Otsailean abiatu zen LGTBIQ+ kolektiboaren egoeraren diagnostikoa osatzeko egitasmoa, LGTBIQ+ pertsonen errealitatea Oñatin ezagutu eta euren arteko saretzea indartzeko helburuz. Galdetegiak, elkarrizketak eta taldekako lan saioak egin dira orain arte, eta jasotako informazio guztia txukundu ondoren, kolektiboarekin kontrastatu nahi da, hasierako ondorioak eta aurrera begira ezarritako erronkak eztabaidatuz. Horretarako bi lan saio ireki antolatu dira urriaren 28rako, 14:30etatik 16:30etara, lehena, eta 18:00etatik 20:00etara, bigarrena. Bertaratzeko arazoak dituztenentzat online bilera bat egiteko aukera ere eskaini da, kasu honetan, eguna eta ordua, parte hartzaileen artean zehaztuko delarik. Kasu guztietan izena eman behar da. Gainera, aurreko bileretan bezala, itzulpen eta zaintza zerbitzua izango da baina espreski eskatu egin beharko da, hilaren 24ra bitartean. Hiru bide daude izena eman edota itzulpen eta zaintza zerbitzuak eskatzeko: lgtbiq@onati.eus helbidera idatzita edo telefonoz deituta, 688 621 213o zenbakira edo udaletxeko 943 78 04 11 zenbakira eta 125 luzapena sakatuta.
LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko diagnostikoa osatzeko lanak hiru ildo edo atal ditu: lehenengoa, Oñatiko idiosinkrasia ezagutzea, ondoren, herri txikien ezaugarri ohikoenak nola funtzionatzen duten ikusi eta azkenik, LGTBIQ+ pertsonak eta administrazioaren arteko harremanen azterketa. Prozesua modu parte-hartzailean garatzen ari dira eta erreferente izan daitezkeen pertsona konkretu batzuetara jo zen zuzenean, eta aldi berean, galdetegi bat sortu eta zabaldu zen, edonork parte hartzeko aukera izan zezan. Maiatzean lan saioak burutu ziren, sexilioaz eta kolektiboaren errealitatean sakonduz, eta guztiaren ondorioak azalduko dira, datorren asterako antolatu diren saio irekietan. Bide batez, etorkizunerako erronkez ere eztabaidatuko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!