Oñatiko udala

Lezesarri auzorako oinezko bidea eta Gaztelekuko sarreraren kontrol-sistema aztergai dira Tokiko Gobernu Batzarrean

2022/10/06
Card image cap
Irailaren 8an egin zen aurreko bilera

  Ia hilabete pasa da aurreko Tokiko Gobernu Batzarra egin zenetik. Tartean hartu diren erabakiak Alkate Dekretuz hartu dira. Baina udal gobernu taldeak bilera egingo du gaur eta mahai gainean 5 puntuko lan zerrenda izango du. Ohiko aurreko aktaren onespena eta azken orduko beste gai batzuen balizko proposamena jaso da lehen eta azken puntu gisa. Horiezaz gain, bi zerbitzu kontratu txiki egitea proposatuko da.

  Lezesarri auzorako oinezkoentzako bidea egokitzeko lanen zuzendaritzarako Injelan enpresa kontratatzea proposatuko da arratsaldean. Echaide enpresak egingo du Azkoagaindik Urrintxoko aparkalekura bitarteko oinezkoen bidea, Lezesarriko ermitarako sarbide pareraino, jaisteko erraiaren alboan eta hortik gora, eskumako erraiaren alboan. Batetik bestera gurutzatzeko pasabidea ere egokituko da. Lanok datozen asteetan hasiko dira eta aurretik, zuzendaritza lanak nork egin erabakiko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Gaztelelekuko sartu-irteeren kontrolerako sistema aldatzeko lanak I-SAI Accesos y Presencia enpresarekin kontratatzea ere proposatuko da gaurko batzarrean. Eskoriatzako enpresa ezaguna da udaletxean, udaletxe bertako, euskaltegiko eta Eltziako sarreren kontrolerako sistemak jarri baitzituen. Emandako zerbitzuarekin gustura daude udal arduradunak eta Gaztelekuko kontrol sistema aurrekoekin bateragarri egiteko enpresa berbera kontratatzea egokia litzatekeela pentsatu da eta hala egitea proposatuko da arratsaldean. Kontu egin behar da Gaztelekuan jende asko mugitzen dela, ekintza asko egiten direlako eta kudeaketa talde ezberdinak arduratzen direlako horiek burutzen, eta, ondorioz, giltza kopia asko dabilela eskutik eskura. Sarrera-irteeren kontrol egokia izatea komeni da eta horretarako sistema eraginkorra kontratatzea eztabaidatuko du arratsaldean gobernu taldeak.

  Promociones Kurtzekua enpresak ekainaren 2an gobernu taldeak hartutako erabakiaren kontra aurkeztutako errekurtsoa ere aztergai izango da gaurko bileran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!