Oñatiko udala

Leire Derteanok irabazi du Azpeitiako Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketa

2026/09/18
Card image cap
(Arg: GUKA)
Hirugarren aldiz irabazi du kartel lehiaketa oñatiarrak

  Hogei lan aurkeztu dira 44. Euskal Antzerki Topaketak iragartzeko kartel lehiaketara eta Leire Derteanorena hautatu du epaimahaiak. Geruzaz geruza Azpeitia eta antzerkia uztartu ditu oñatiarrak bere sorkuntzan. Azpeitiaren ikurtzat kioskoa aukeratu du, bigarren geruzan antzerkia irudikatzen duten maskarak eta musikako sol klabea agertzen dira eta beste geruza batean, berriz, agertokiko oihala zabalduta eta aulki bat eszenatokian jarri ditu. Digitalki sortutako lana baina ukitu analogikoak dituena dela adierazi du Derteanok.

  Urriaren 30etik azaroaren 22ra bitartean egingo dira izango dira Azpeitiako 44. Euskal Antzerki Topaketak, eta egitaraua urriaren 9an aurkeztuko dute. Ekitaldia iragarriko duen kartela berriz, herenegun erakutsi zuten antolakuntzak, saria irabazi duen egilearekin batera. Azpeitiako lehiaketa ez da berria oñatiarrarentzat hirugarren aldiz irabazi baitu: 2023an, 2024an eta aurten.

  Antzerki topaketetako kartel lehiaketara aurkeztu ziren 20 lanak ekainean ikusgai jarri ziren astebetez, bisitariek beren iritzia eman zezaten baina erabakia epaimahaiak hartu du. Leire Derteanok 900 euroko saria irabazi du. Profesionalki ingeniaritza eta gustuz ilustrazioa partekatu ditu Derteanok urteetan, baina sorkuntza artistikoari lehentasuna ematea erabaki zuen eta egun diseinatzaile ta ilustratzaile lanetan aritzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!