Leintz taldea nagusitu da Herriarteko txapelketako Debagoieneko lehen kanporaketan
Bergarako Kartzela zaharrean jokatu zen larunbatean Debagoieneko lehenengo kanporaketa, Txinpartaka eta Leintz taldeen artean. Taldeek agurra kantatu ondoren sei ariketa puntuagarri izan ziren: koplaka, ofizioka zortziko handian zein txikian, bukaerako puntua emanda bertsoa osatu, bakarka eta puntuka. Txinpartaka Oñatiko taldean, Urko Egaña, Aitor Tatiegi eta Beñat Ormaetxea aritu ziren bertsotan eta Leintz taldean, Oihana eta Haizea Arana ahizpak eta Ane Zuazubizkar. Leintz taldea nagusitu zen eta martxoaren 14an Antzuolan jokatuko den Debagoienako finalean egongo da.
Datorren larunbatean, berriz, bigarren eta azken kanporaketa jokatuko da Aretxabaletako Karmele Igartua aretoan. Hiru talde arituko dira: Oñatiko Tutelatraku eta Mikaela Mentu eta Antzuolako Kale edo bale. Bertsotan, Gontzal Belategi, Aritz Irigoien eta Urko Arregi, Uxue Igartua, Lide Arregi eta Maider Arregi eta Josue Madariaga, Txomin Alberdi eta Jon Mata arituko dira. Aretxabaletako kanporaketan erabakiko da Debagoieneko finalean lehiatuko den bigarren taldea. Finala Antzuolako gaztetxean jokatuko da, martxoaren 14an, 17:00etan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!