Legealdi planak jasotako proiektuen %80a eginda edo martxan dagoela esan du alkateak

Ekainaren 19an beteko dira bi urte udalbatza berria eratu zenetik. Horren harira egin du udal gobernu taldeak bi urte hauen balantzea, gogoratuta, legegintzaldi hau aurreko hirurekin lotu behar dela, alegia, EH Bildu udal gobernura iritsiz gero egin den guztiarekin, gauzak ulertu eta egiteko modu berri bat ekarri duela azpimarratuta.
Legegintzaldiaren erdi muga betetzear dagoenean, legealdi planean jasotako proiektuen %80a eginda edo martxan daudela eta aurrekontuetan aurreikusitako inbertsioen ia %90 egikarituta daudela esan du alkateak. Datu horiek egin den lan handiaren emaitza direla aipatu du Elortzak, bai gobernu taldearena, udal langileena nahiz era batera edo bestera egin eta eragiten duten herritarren lanaren emaitza.
Ondoren, proiektu konkretuak zerrendatu dira, bost lan ildo nagusitan bilduta: bizitza duina bermatzea eta 0 bazterkeria, burujabetza eta trantsizio ekosoziala, lurralde garapen orekatua, kultura eta nortasuna eta gobernantza.
Bizitza duinari eta 0 bazterkeriari dagokionez lantzen ari diren etxebizitza plana, bakardadeari aurre egiteko Debagoiena ehuntzen eskualde mailako proiektua eta haur eta gazteen osasun mentala erdigunean jarrita, zaurgarritasun egoeran dauden herritarren arreta zerbitzua indartu dela aipatu du alkateak. Udalaren zaintza estrategia definitzen ari direla adierazi du, udal zerbitzuen eskaintza egokitzeko asmoz, eta Oñatiko harrera plan integrala izango dena lantzen ari direla ere zehaztu du.
Burujabetza eta trantsizio ekosozialaren arloan, Oñatiko argindar merkaturatzailearen sorrera, Oñatiko Elikadura Mahaia eta tokiko elikadura burujabetza bultzatzen duen Debagliena mailako Tokixan ekoizpen proiektuan Udalak duen parte aktiboa aipatu dira.
Lurraldearen garapen orekatuari dagokionean, PERCO merkataritza planak jasotako ekintzen gauzatzea edota komertzio txikien oinordetza bermatzeko programak aipatu dira garapen sozioekonomikoaren alorrean. Olakuan edota San Lorentzon egiten ari diren lanak eta laster Mendiko kalean hasiko direnak, irisgarritasun inklusiboaren alorrean; esparru honetan landa auzoetara begira ere badaudela gogoratu da eta Usakorako bidegorriak Zañartu, Garagaltza, Urrexola eta Torreauzoko bizilagunen segurtasunean ere eragingo duela aipatu da. Kiroletarako eta aisialdirako egin edo konpondu diren azpiegiturak ere errepasatu dira.
Kultura eta nortasuna lan ildoan, herriko sortzaileak, kultur eragileak, auzo batzordeak laguntzen jarraitu dela adierazi da. Euskararen alorrean Euskaltegia eta Txipistin zerbitzuetarako udalak dituen lokalak birgaitzeko aurre-lanketa prozesuan daudela gogoratu du alkateak. Haur eta gaztetxoei espazio egokiak eskaintzeko lanean daudela eta Sancti Spiritus unibertsitatea herrira zabaltzeko proiektua abian dela ere, azpimarratu du. Honen harira, Next Generation funtsei erreferentzia egin die alkateak eta unibertsitaterako 3 milioi eta beste hainbat proiektutarako beste 2,7 milioi lortu izana azpimarratu du.
Azkenik, gobernantzaren atalean, zerbitzu eta ekipamenduen izaera-komunitarioan eta elkarlan publiko-komunitarioan sakontzeko lanean ari direla aipatu du Elorzak, gobernatzeko modua eraldatzen eta erabakimen espazioak zabaltzen ari direla. Horren eredu dira Emakumeen Etxea edota Debagoiena 2030 sarearen markoan energiaren, elikaduraren eta basogintzaren alorretan gauzatu diren esperientzia berritaileetan parte hartu izana.
Orokorrean, Oñati aurrera doan eta aurrera begira dagoen herria dela laburbildu du alkateak, legealdi planaren balantzea egiterakoan.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!