Legealdi erdiko balantze positiboa egin du udal gobernu taldeak

2021/06/10
Card image cap
Covid-ak zaildu duen egoerara moldatzen jakin dela eta aldi berean, taldearen balioak mantenduz herri programan jasotakoa betetzen ari direla azpimarratu da

  Covid-19aren testuinguruaren kudeaketak udal jarduna guztiz baldintzatu duela adierazi zuten Izaro Elorzak eta Xabier Igartuak legealdi erdiko balantzea azaldu zutenean, atzo eguerdian. Testuinguru zail honetan ere, egoerara moldatzen jakin dutela eta unean uneko exijentziei erantzun egokia eman diotela adierazi zuten. Hala, azokaren eta lehen sektorearen aldeko apustu sendoa egin izana, herriko merkataritza eta ostalaritzak pairatutako kalteak leuntzeko sortutako bono sistema edo dirulaguntza bereziak eta gizarte laguntzak indartzea eta elkar zaintzarako dinamika kolektiboak sustatzea azpimarratu zuten pandemiaren testuinguruan. Baina hauteskundeetara aurkezteko osatu zuten herri programari eutsi izana ere azpimarratu zuten eta, atalez atal, martxan jarri diren edo aurretik zetozen hainbat ekimen sendotu eta sakondu izana aipatu zituzten: gobernantza eta partaidetza araudiaren lanketa, kultura arloan sortzaileekin eta herri eragile eta antolatzaileekin elkarlanean jarraitzea, euskararen aldeko ekimenak bultzatu eta noka berreskuratzeko ekimenak edota euskara ikasteko laguntza ildoak azpimarratu zituzten, besteak beste.

  Gizarte zerbitzu eta ongizate arloan, bakardadean edo isolamenduan daudenen bizi baldintzak hobetzeko urratsak ematen ari direla, eta integrazioaren aldeko politikak ez ezik, etxez etxeko langileen lan hitzarmena hobetzen jarraituko dela esan zuten. Sozioekonomian, herriko merkataritza biziberritzeko plan estrategikoaz gain, turismo plan estrategikoa ere landu dela gogoratu zen eta pabilioi hutsen diagnostikoa edota ekonomia sozial eraldatzailearen bidean urratsak ematen ari direla esan zen.

  Berdintasunaren arloan jabekuntza eskolarekin jarraitu, Esmukeen kontseilua kontsolidatu eta Oñatiko Berdintasun Plana landu dela azpimarratu zuten. Kirolari dagokionean Zubikoa kiroldegiaren birgaitze lanak dira nabariena. Honi lotuta, instalazioa, bere osotasunean, ekainaren 21eko astean ireki asmo dela aurreratu zuten. Hirigintzan Hiri Antolamendu Plan Orokorraren lanketa da aipagarriena baina Olakua eta San Lorentzoko irisgarriasuna hobetzen jarraitzen dela eta Santxolopeztegiko bidegorri adarra ere egin dela esan zen. Ingurumenaren alorrean berriz, natur eskolaren eraberritzea laster amaituko dela gaineratu zen. Auzo-alkateen foroa berraktibatu eta Araotz biziberritzeko ostatuaren proiektua bukatzear dagoela aipatu zen auzoak atalean. Eta azkenik, gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak handitu direla, haur eta gazteen ahalduntzean sakondu dela eta Oñati herri hezitzailea izan dadin OinHerri elkartearekin hitzarmena sinatu dela gogora ekarri zen.

  Oro har, Covid-19aren testuinguruaren kudeaketa alor guztietan integratzea egokitu dela aipatu zuen Izaro Elorza alkateak eta herriaren alde, herriarekin eta herriarentzako lanean ari direla azpimarratu zuen. Legealdia amaitu bitartean berriz, martxan diren proiektu handiak osatu eta herri programan jaso ziren beste batzuei ekingo zaiela aurreratu zuen Xabier Igartua zinegotziak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!