Lege Soziologia Institutuak gertu du aurtengo mintegi egutegia
Akademia kultura gerren garaian: Ethos unibertsitatea eta adierazpen askatasun akademikoa; Nola egiten dira gurasoak? legezko aitatasuna konparaziozko ikuspegi batean; Demokrazia arriskuan; algonoritatearen itxaropenak eta oligarkia digitalen mehatxua; Errealismoa, instituzionalismoa eta esperimentalismoa: pentsamendu juridikorako oinarri ontologikoak, prozesu sozioekonomikoei buruzkoak; Aktibismoa eta kriminalizazio jarraitua: etiketatik hasi eta justizia penaleraino; Etxebizitza eta jabetza, etxebizitzaren krisiaren esparruan; Kultura juridikoa eta zuzenbide-estatua Amazonian dira, besteak beste, aurten Lege Soziologia institutuan mundu osoko adituak bilduko dituzten mintegietako batzuk. Zehaztu diren 13 mintegietatik 10 ingelesez izango dira, beste hirurak, berriz, gazteleraz, estatuko unibertsitate edota ikerketa erakunde ezberdinetako irakasle eta adituek koordinatzen baitituzte. Hala, Ordezkaritza, natura eta lurraldea: Euskal Herriko justizia-sozioekologikoa eraikitzeko tresna sozio-juridiko berriak; Iraupen luzeko herritarren desinstituzionalizazioa: komunitatea, agentzia eta eskubideak eta Sortzen ari diren eskubideak: begirada bat giza eskubideen sistema interamerikarretik izenburuko mintegiak egingo dira ekainaren 4, 11 eta 18an hasita, hurrenez hurren. Gazari ere erreparatuko zaio ekainaren 30etik uztailaren 3ra antolatu den bileran, Gaza nazioarteko zuzenbide humanitarioaren menpe izeneko bilkura egingo baita.
Apiriletik eta uztaila amaiera arteko tartea eskaintzen da era honetako lan bilerak egiteko Lege Soziologia Institutuan, urritik martxora master ikastaroa izaten baita. Aurtengo berrikuntza mintegi eta bileren egoitza da, Sancti Spiritus unibertsitatea birgaitzen duten bitartean Gipuzkoako Artxibo Historikoaren instalazioak erabiliko baitira. Master ikastaroak ere bertan egiten ari dira hilabete honen hasieratik. Martxoan berriz, master ikastaroaren alde teorikoa amaitu eta tesina osatzera beraien jaioterrietara itzuliko dira ikasleak. Hurrengoko lau hilabeteak aprobetxatuko dira bestelako adituen lan bilerak burutu ahal izateko. 2026ko workshop egutegia apirilaren 16an egingo den mintegiaz hasiko da eta uztailaren 23-24an burutuko denaz itxiko da.
2026ko egutegia zehaztuta dute Lege Soziologia Institutuan, esan bezala, eta 2027an zehar Oñatin bildu nahi duten elkarte eta adituek oraintxe egin behar dute eskaera. Epea, martxoaren 16an itxiko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!