Lau orduko argi mozketa egingo du Oñargik astearte arratsaldean
Oñargi enpresak argindar sarean mantentze lanak egiten jarraitzen du. ETEO transformazio zentroan kabina bat gehitu eta L/01 eta L/03 behe tentsioko lineen tentsio aldaketa egingo da B1etik B2ra. Lanok astearte arratsaldean egingo dira eta burutu bitartean argindar hornidura eten egingo da, konkretuki 16:00etatik 20:00etara. Mozketak Larraña auzoa 16 zenbakiari eragingo dio. Eraikin horretan daude Larraña etxea, lanbide institutua eta Eltzia, besteak beste.
Argindar etenak ez dio eraikinaren argiztatzeari soilik eragingo, baita igogailuei edota suteen aurkako segurtasun sistemari ere bai. Hori kontutan hartuta Eltzia arratsaldez ixtea erabaki du Udalak eta hala jakinarazi die erabiltzaileei; 15:45etarako eraikina hustu egin beharko da eta ezingo da barrura sartu 20:00ak arte. Eltzian talde eta herri eragile ezberdinak ez ezik, Txipistin edota Euskaltegia udal zerbitzuak ere badaude, ondorioz, astearte arratsaldean bertako jarduna bertan behera utziko da. Larraña institutuko ateak zabalik mantenduko dira baina arratsaldetako ohiko jarduerak egokitu eta goizera edo beste egun batzuetara aldatuko dituzte, tailerra eta ikasgelak argirik gabe egongo direlako.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!