Lau egokitzapen egingo dira TAO sisteman, astelehenetik aurrera
Martxoa hastearekin batera sartuko dira indarrean TAO sistemaren inguruan erabaki diren aldaketa edo egokitzapenak. Herritarrek egindako eskaera ezberdinei erantzun nahi izan die Udalak. Hala, anbulatorio ondoko aparkalekuan TAO edo txandakako aparkatze sistema jarriko da, osasun etxeko ordutagian: astelehenetik ostiralera eta 8:00etatik 17:00etara. Beste hiru egokitzapen ere egingo dira eta aparkatze denbora luzatzea ekarriko dute hirurek. Alde batetik, Errementari plaza eta Motxon kale inguruko TAO gunean autoa uzteko denbora luzatuko da eta bi orduz utzi ahal izango da, beste leku batera aldatu aurretik; Kiroldegiko eta Kalegoienako lurrazpiko aparkalekuetako doako egonaldia ere ordubetez luzatuko da, guztira, hiru ordutan utzi ahal izango delarik, eta, azkenik, mugikortasun arazoak izan eta txartel urdina dutenek, TAO gunetan edota lurrazpiko aparkalekuetan autoa utzita, markatutako denbora orokorraren gainetik beste ordubetez uzteko aukera izango dute.
Astelelehenetik aurrera indarrean sartuko diren lau aldaketa hauek herritarren eskaerei erantzunez erabaki dira: anbulatoriora doazenek bertatik bertara aparkatzeko aukera izan dezaten, bi orduko iraupena izango duen TAO sistema jarri da osasun etxearen aldameneko aparkalekuan. Marra urdinez markatutako 23 plaza dira, guztira. Inguru bereko beste 26 aparkaleku libreko marra zuriz berezituta daude. Ordu muga adierazten duten paperak eskuratzeko TAO makina jarri da aparkaleku honen sarreran.
Marra urdina dute baita ere Errementari plaza eta Motxon kaleko beste 48 aparkalekuk baina askotan hutsik egoten dira, ordubeteko doako tartea motzegia delakoan. Aparkalekuen erabilera areagotzeko helburuz gune honetako aparkalekuetako baimen epea bi ordutara luzatzea erabaki da. Baina mugikortasun arloko printzipio batek lurrazpiko aparkalekuak lehenestea agintzen du eta hori egingo da Kiroldegiko eta Kalegoienako aparkalekuetan, egun dagoen bi orduko aparkatze doakotasuna hiru ordutara luzatuz.
Mugikortasun arazoak dituztenen eskaera ere kontutan hartu da eta aparkamendu denbora mugatua duen herriko edozein gunetan aparkatuta markatuta dagoen denbora baina beste ordubete gehiagoz uzteko aukera izango dute, .beti ere, txartel urdina agirian jarrita.
2016ko abenduan jarri zen indarrean TAO/OTA aparkatze sistema gurean, doakoa eta autoen errotazioa bultzatzen duena. 9 urte hauetan Bertakoentzat guneak berezitu dira baina ez da beste aldaketa esanguratsurik egin. Astelehenetik aurrera, anbulatorioko gune berria eta beste zenbait gunetan eta kolektiboentzat aparkatze denborak ordubetez luzatzeko aukera indarrean sartuko dira. Ez dira ordea, aldaketa bakarrak izango, aparkatze isunak ordaintzeko makina jarri asmo baita udaletxean, HAZ bulegoan. Hori baina, ez da berehalakoan izango, ia prestatzen ari diren TAO makinen mantentze eta kudeaketa lizitazio berrirako oinarrietan jasotzea aurreikusten baita.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!