Oñatiko udala

Lau egitasmo diruz lagunduko ditu Udalak Auzotasuna deritzon atal gehigarritik

2026/07/03
Card image cap
Bosgarren proposamen bat baztertu egin da, proiektua gauzatzeko finantzazioa ez ziurtatzeagatik

  2013an sortu zuen Udalak Auzotasuna deritzon diru poltsa eta ia 123.230 euroko partida dago aurten. Dirua herrian dauden 16 landa auzoen artean banatzen da, erroldatutako auzotarren eta baserri kopuruaren arabera. Badira ordea, auzoek bultzatu baina Udalaren eskumenekoak zein ardurakoak diren hainbat lan edo auzoaz gaindiko herri onura izan dezaketen egitasmoak. Auzoek egitasmo horietara bideratutako finantzazioari diru ekarpen gehigarria egiten dio Udalak eta aurtengo dirulaguntzak esleitu berri dira.

  Lezesarri auzotik helarazi zen eskaera baztertu egin da ez zuelako ziurtatzen proiektua gauzatzeko finantzazioa. Zubillagatik berriz, bi proiektu aurkeztu ziren baina oinarrietan dio auzo bakoitzean proposamen bakarra lagunduko dela, ondorioz, zuzenketa eskatu zen eta Matromai baserrirako bidean egurrezko hesia jartzeko lanen proiektua aurkeztu da. Udalak diruz babestuko du. Eta beste horrenbeste egingo du Larrañak, Araotzek eta Urrexolak proposatutakoen kasuan. Larrañan Errekalde-Arrano eta Korta errekan hiru zubi jartzeko lanak egingo dira; Araotzen, elizbide zaharra berritzeko lanen lehen fasea burutuko da eta Urrexolan, auzibideetan biondak jarriko dira. Berez 22.000 euro gorde ziren Auzotasuna deritzon atal gehigarri honetarako eta onartu diren lau proiektuetara 20.542 euro bideratuko dira, guztira.

  Jaso diren proposamenak hiru irizpideren arabera baloratu dira: herri onuraren irismena, auzoaren kofinantziazio maila eta auzolana. Proposamenen finantzazioa erabakigarria izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!