Lau administrari eta HAZeko arduradun plaza betetzeko deialdia zabaldu du Udalak

2022, 2023, 2024 eta 2025eko Enplegu Publikoaren Eskaintzan jaso zituen Udalak orain oposizio-lehiaketa irekiz bete asmo diren bost plaza horiek. Deialdi honen bidez bete nahi diren lau administrarietatik bi Herritarrei arreta emateko zerbitzuan arituko dira, beste bat gizarte zerbitzuetan eta laugarrena kirol zerbitzuetan. Horrezaz gain, HAZeko arduradun plaza ere bete nahi da. Bost plazen hautaketa prozesura aurkeztu ahal izateko, batxiler titulua, titulu teknikoa edo baliokidea izatea eskatzen da eta, euskarari dagokionean, 3. hizkuntza eskakizuna, EGA, C1 maila izatea. Azterketa eskubideengatik dagokion tasa ere ordaindu beharko da.
Hautaketa prozesuari dagokion azterketaldian hiruzpalau ariketa gainditu beharko dira: gai orokor eta espezifikoei buruzko ariketa teorikoa, gai zerrendei edota lanpostuaren eginkizunei buruz ariketa praktikoa eta gaitasun eta nortasun probak, eta euskarazko maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek, hizkuntzari dagokion ariketa ere egin beharko dute. Epaimahaiaren esku geratuko da administrari eta HAZeko arduradun plazara aurkezten direnentzat ariketa modalitate edo luzapen desberdinak ezartzea atal teorikoan, praktikoan eta gaitasun eta nortasun probetan. Oposizialdia gainditzen duten hautagaiek duten lan esperientzia eta formazio osagarria baloratu egingo da lehiaketa fasean. Hautaketa prozesuari dagokion deialdi osoa, Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu zen abuztuaren 8an baina udal web atarian ere ikusgai dago.
Lau administrari eta HAZeko arduradun plazak betetzeko hautaketa prozesuan parte hartu nahi dutenek, urriaren 1era arteko epea dute eskaerak egiteko.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!