Larrañako harrera-etxea berrantolatzen ari dira Ukraniatik datozen errefuxiatuak hartzeko

2022/03/02
Card image cap
Irunen emango zaie lehen arreta eta Oñati, Tolosa eta Berrizko harrera etxeetara bideratuko dira ondoren

  Ukraniar errefuxiatuak hartzeko bitartekoak antolatzen dihardutela aurreratu zuen atzo Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Irungo harrera zentroa indartuko da, Ukraniatik ihesi datozen errefuxiatuei lehen arreta bertan zentratuko da, eta ondoren, Oñati, Tolosa edota Berrizera bideratuko dira, asilo eskatzaileentzako harrera etxeetara, egonaldia luzatu daitekeela aurreikusita. Horretarako, Irungo zentroa ez ezik, Oñati, Tolosa eta Berrizkoak ere berrantolatzen ari dira, ahalik eta errefuxiatu gehien hartu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak urgentziazko 150 plaza sortzeko aukerarekin lan egiten duela aurreratu zuen Artolazabal sailburuak.

  Era berean, laguntzeko gertu dauden herritar partikularren eskaintzak jasotzeko posta elektroniko bat aktibatu dutela ere jakinarazi zuen: errefuxiatuak@euskadi.eus helbidea, hain zuzen ere. Ukraniako inbasioak sortu duen krisi humanitarioari erantzun ordenatu eta koordinatua eman nahi dio Eusko Jaurlaritzak, Beatriz Artolazabalen hitzetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!