Lapurreta aurrekariak zituzten hiru lagun identifikatu zituen udaltzaingoak Kasablankan, atzo

2024/02/12
Card image cap
(Arg: Google)
Inguruko hainbat tailerretako ateak manipulatu zirenaren salaketak jaso ziren astean

  Herritar baten deiak jarri zituen alertan udaltzainak, atzo arratsaldean. Kasablanka inguruan pertsona susmagarri batzuk ikusi zituela esanez deitu zuen eta bertaratutakoan hiru lagun topatu zituzten udaltzainek. Identifikatu eta lapurreta aurrekari ugari zituztela egiaztatu zuten. Baina indarrean zen salaketa edo kausarik ez zutenez, eta, antza, deliturik ere egin ez zutenez, libre utzi zituzten. Aurrez, zeramaten autoa, Volvo urdin bat, miatu zuten udaltzainek.

  Mugimendu arraroak sumatu dira azken egunotan Otadui zuhaiztiko tailer eta industria pabiloietan. Hainbat tailerretako ateak manipulatu izanaren zantzuekin topatu zituzten ostegunean eta, aurreko larunbatean, ustez txatarra bila zebiltzan ezezagun batzuk kanporatu zituztela jakinarazi zien udaltzainei inguruko arduradun batek. Horregatik, industrigune eta tailer inguruetatik pertsona susmagarriak ikusiz gero abisua udaltzaingoan ematea eskatzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!