Lankidetza hitzarmen berria sinatu dute Udalak eta Musika Bandak
Udalak eta Musika bandak beste lau urtetarako berritu dute lehendik zuten lankidetza hitzarmena. Dokumentuak musika taldearen programazioan, funtzionamenduan eta gastuetan laguntzen jarraitzeko udalaren konpromisoa jasotzen du eta musikaren eta kulturaren alde egiten ari den lan oparoa aitortzen du. Musika bandarekin sinaturiko hitzarmenak hainbat helburu ditu udalarentzat: Oñatiko kultur sorkuntza eta musika programazioa aberastea, musika komunitatearen garapena sustatzea, musika tradizional eta garaikideen berreskuratzea bultzatzea, eta, musikaren esparruan, Oñatik beste herri eta lurralde batzuekin dituen harremanak sendotzea. Lankidetza hitzarmen berriaren babesean, 91.192,50 euroko dirulaguntza emango dio Udalak Musika bandari, aurten, iazko kopurua % 5 jasota.
Oñatiko Musika Banda 1979an sortu zen, Korpus jaiaren inguruan eta herriko hainbat eragilek bultzatuta. Talde hura 30 musikariz osatu zen eta lehen agerraldiaren ostean, herriko jaietan eta beste ekitalditan parte hartzen hasi ziren, poliki-poliki. Musika estilo desberdinak landu eta txertatu ditu errepertorioan: musika klasikoa, zarzuela, pasodobleak edota musika modernoa, baina aipagarria da euskal musikari egin dion lekua; bere programetan San Miguel, Guridi, Sorozabal, eta Antonino Ibarrondoren lanek txoko berezia izan dute. Egun 60 musikarik osatzen duten taldea eta etorkizun oparoa du, musika eskolarekin duen lankidetza-programa eta orain urte batzuk sortutako musika banda gazteari esker. Musikarien etengabeko prestakuntza sustatzen du, sentsibilitate artistikoan sakontzen du, musikarekin esperimentatzeko bitartekoak eskaintzen ditu eta Euskal Herriko musika ezagutaraziz balioesten du. 13 diana eta beste horrenbeste kontzertu, 5 kalejira, prozesioa eta dantzaldia eskaintzera iritsi da musika taldea azken urteotan. Garbi dago, beraz, Musika bandak herrian duen presentzia.
Udala eta Musika bandaren arteko lau urtetarako lankidetza hitzarmena astean sinatu dute Izaro Elorza alkateak, Iñaki Olalde Kultura batzordeburuak eta Ion Astigarraga Oñatiko Musika Banda Elkartearen lehendakariak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!