Oñatiko udala

Langabeziak nahikoa egonkor jarraitzen du Oñatin

2025/12/04
Card image cap
Gora behera txikiak erregistratzen ari dira irailetik, azaroan, bi langabe gutxiago zenbatu dira

  Uztailetik abuztura 36 langabe gehiago erregistratu ondoren, pentsa zitekeen, ekonomia moteltze-garai batean sartzen ari zela eta langabeziak gorako joera hartu zezakeela. Baina ez da hala gertatu; abuztukoa ikasturte amaierako kontratu etenen isla besterik ez zen izan eta irailean galdutako enpleguaren zati handi bat berreskuratuta, langabezia nahikoa egonkor mantentzen ari dela ikusi dugu azken bi hilabeteotan; urrian 5 langabe gehiago zenbatuziren, azaroan, berriz, bi langabe gutxiago. Une honetan, 304 langabe daude Oñatin eta langabezia tasa % 5,6 da, SEPEren arabera.

  25 urtetik gorako emakumezkoen artean murriztu da langabezia gurean, aldiz, 20-25 urte bitarteko gizonezkoen artean pitin bat gora egin du jaso ditugun azken estatistiken arabera. Baina urriko datuekiko aldea txikia da, esan bezala, eta berdin iazko azaroarekiko ere. Ñabarduraren bat aipatzekotan, 25 eta 45 urte arteko langabeak gehiago eta, aitzitik, 45 urtetik gorakoak pitin bat gutxiago ziren orain urtebete. Aipagarria da,  2025ean langabezia tasa %6aren azpitik mantendu dela hilero, iazko martxoan ia % 6,5era iritsi zen.

  Debagoienera begira jarrita langabeen kopurua gutxitu egin da, orokorrean, bereziki Arrasaten izan den jaitsieragatik. Oñatin eta Arrasate izan dira langabe gutxiago zenbatu dituzten eskualdeko bi herriak, gainontzekoetan, gehiago erregistratu baitira. Une honetan, Debagoieneko langabezia tasa % 7,98 da, iaz hamarren bat handiagoa zen. Hego Euskal Herri mailan Oñatiri buruz aipatutakoa errepikatu genezake: uztaila eta abuztuan galdutako enplegua berreskuratu da eta afiziliazio markak hautsi dira urrian eta azaroan. Azaroan ia 4.800 afiliatu irabazi ditu Gizarte Segurantzak eta 870 langabe gutxiago daude. Horrenbestez, 1,35 milioi langileren langa gainditu da Hego Euskal Herrian, lehenengoko aldiz. Sindikatuek ordea, enplegu egonkorra sortzeko dauden zailtasunak azpimarratu dituzte eta azaroan sinatutako kontratuen %22,5 bakarrik dira mugagabeak, ELAren arabera. Hego Euskal Herri mailan, Oñatin bezala, emakumeen artean murriztu da langabezia, nagusiki.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!