Langabeziak nabarmen gora egin du abenduan eta urteko kopuru handienarekin amaitu da urtea
30 langabe gehiago zenbatu dira azken hilabetean Oñatin, SEPEk emandako datuen arabera. Halako gorakada handiak ez dira ohikoak, 2025ean beste behin bakarrik gertatu zen, abuztuan, hain zuzen ere, bereziki hezkuntza arloko kontratu etenek eraginda. Hala ere, egiari zor, oraingo gorakada ez da ezustekoa izan, jakinekoa baita herriko zenbait enpresek Gabonetako kanpainari edota urte akaberako eskaerei erantzuteko egiten dituzten kontratuak abenduan amaitzen direla. Baina aipagarria da urte osoa % 6aren azpiko langabezia tasarekin egon eta gero langa hori justu abendu amaieran gainditu dela, urtea % 6,15eko tasarekin itxi baita, esan bezala. Horrek, 2024ko urte hasierako eta abuztuko mailetara garamatza. Izan ere, urtebete lehenago erregistratu ziren kopuruetatik gora amaitu baitugu 2025a. Azken hilabetean, adin tarte guztietan eta emakumezko nahiz gizonezkoen artean handitu da langabe kopurua gurean, eta 2024ko abenduarekin alderatuta ere, beste horrenbeste esan genezake. Orain urtebete baino 26 langabe gehiago daude orain Oñatin: 334 langabe, konkretuki. Horietatik 139 gizonezkoak dira eta 195 emakumezkoak.
Debagoienean ere joaera berbera izan da, orokorrean, eta azaroan edo urte hasieran baino langabe gehiagorekin amaitu da 2025a. Oñatin bezala, Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan handitu egin da langabeen kopurua azken hilabetean eta urte hasieran baino 90 langabe gehiago zenbatu dira abendu akaberan. Oñatin urtebeteko tartea hartuta, langabezia tasa puntu erdi handitu da, Debagoienean, puntu laurden, SEPEk emandako datuen arabera.
Ikusmira Hego Euskal Herrira zabalduta, langabeziak lau lurraldeetan egin du gora abenduan, eta gehien Gipuzkoan. Urte batetik bestera Gipuzkoan bakarrik handitu da, gainera, langabeen kopurua. Hala ere, Hego Euskal Herrian ia 18.000 lanpostu sortu dira 2025ean eta afiliazio kopuruak inoizko altuenak izan dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!