Langabeziak nabarmen egin du behera otsailean eta 2018ko ekaina-uztaileko mailan kokatu da

Tentuz hartu behar dira horrelako gora behera handiak baina benetan aipagarria da otsailean langabeziak gurean izan duen beherakada nabarmena; urtarrilean baino 19 langabe gutxiago zenbatu dira eta 300eko langa jaitsita, 292 langabe daude une honetan herrian. Ondorioz, langabezia tasa % 5,37ra jaitsi da, urtarrilean baina kasik puntu erdi gutxiago. Halako datu baxurik ikusteko zazpi urte egin behar da atzera, 2018ko ekaina-uztailera.
Adin talde guztietan eta gizon nahiz emakumezkoen artean egin du behera langabeen kopuruak Oñatin otsailean zehar. Hala, une honetan langabezian dauden 100 herritarretatik 64 emakumezkoak dira, baina urtarrilean ere portzentajea berbera zen, alegia ez da aldaketarik izan.
Urtarrilean, langabe kopuruak pitin bat gora egin zuela aipatu genuen eta gehitze hori ohiko joera bazen ere, aldea oso txikia izan zela azpimarratu genuen, aurreko urteetako datuekin alderatuta. Otsaileko datuak eskutan berriz esan behar da, gora-beherak erakusten dituen hilabetea dela, eta batzuetan gehitu beste batzuetan gutxitu egin direla langabeak gurean, baina ez da sarritan gertatzen 19 langabe gutxiago zenbatzea, ez otsailean eta ezta beste hilabete batzuetan ere. Orain urtebete, iazko otsailean esaterako, 333 langabe zenbatu ziren, urtarrilean baino 6 gutxiago, eta langabezia tasa % 6,13an kokatu zen, orain baino kasik puntu bat altuago.
Debagoienera begira jarrita, langabeen kopuruak ere behera egin du orokorrean eta 55 gutxiago zenbatu dira. Oñatiren antzera, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan eta Antzuolan urtarrilean baino langabe gutxiago erregistratu dira. Ikusmira zabaldu eta Hego Euskal Herriko datuak eskutan, langabeziak behera egin du otsailean eta 906 langabe gutxiago zenbatu dira. Nafarroan ez da aldaketa esanguratsurik izan, bi lagun gehiago erregistratu dira, aldiz, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban langabe gutxiago izan dira azken hilabetean. Hego Euskal Herrian, izan den langabeen beherakada bereziki gizonezkoen artean gertatu da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!