Oñatiko udala

Langabeziak gora egin du urrian Oñatin

2016/11/03
Card image cap
Pasa den hilean aipatutako beheranzko joerak ez du jarraipenik izan baina hala ere, urteko bigarren tasarik baxuena erregistratu da, % 7.2

  Irailean herriko langabetuen kopuruak nabarmen egin zuen behera baina joerak ez du jarraipenik izan eta urrian, pitin bat igo da. 7 langabetu gehiago erregistratu dira Lanbideko bulegoetan. Hala ere, azpimarratu behar da, langabezia tasak 2012a hasiez geroztik neurtutako mailarik baxuenetan jarraitzen duela. Urri amaierako langabezia tasa, urteko bigarren baxuena da.

  Kopuru zehatzak emanez, une honetan Oñatin, 378 langabetu daude Lanbideren datuen arabera eta tasa, % 7.20 da. Iazko urrian erregistratu zen baita ere urteko bigarren tasarik baxuena: % 7.37. Orduan, egun baino 9 langabetu gehiago zeuden herrian. Baina egoera ezberdina zen, lanik gabe zeuden gizonezkoak egungoaren pare ziren eta emakumeak aldiz, gehiago ziren. Urri amaieran Oñatin lanik gabe zeuden 378 lagun horietatik 210 emakumezkoak dira, edo beste era batera esanda, ia % 56 emakumeak dira. Aipatu behar da ordea, irailetik urrirako tartean, eta orokorrean langabeziak gora egin duen arren, emakumezkoen langabeziak behera egin duela gurean, eta jaitsiera hori bereziki 25-44 urte arteko emakumeen artean gertatu da.

  Debagoiena eta Hego Euskal Herrira begiratuta aldiz, langabeziak behera egin du. Debagoienean jaitsiera txikia izan da eta Oñatiren antzera, Aretxabaletan eta Elgetan gora egin du. Hego Euskal Herrian berriz, 3521 langabe gutxiago zenbatu dira eta jaitsiera, herrialde guztietan gertatu da. Aipagarria da, Oñatin bezala, Hego Euskal Herrian ere, langabezia gehiago murriztu dela emakumeen artean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!