Langabeziak gora egin du Oñatin urtarrilean

2024/02/06
Card image cap
Gizon langabeen kopurua hazi da, nagusiki

  Urtarrilean langabeziak gora egin ohi du gurean, Gabonetako kanpainarako egin diren kontratu asko abendu-urtarrilean amaitzen baitira eta urteko lehen hilabeteetako langabezia datuetan islatzen da. Une honetan 339 langabe daude Oñatin, abenduan baino 12 gehiago. Gogoratu behar da gainera, abenduan, gutxitu egin zela herriko langabezia, ezohikoa bada ere.

  Langabe dauden gizon eta emakumeen artean egin du gora kopuruak azken hilabetean baina nabarmenago gizonezkoen artean, abendu amaieran baino 10 gizon eta 2 emakume gehiago erregistratu direlako urtarrilean zehar. Adinari erreparatuta, 44 urtez azpikoen artean gehitu da bereziki. Orain urtebeteko datuekin alderatuta, adinaren kontuak atentzioa ematen du, 2023ko urtarrilean dezentez gehiago zirelako 45 urtetik gorako langabeak herrian, 19 gehiago. Langabeak, orokorrean ere, gehiago ziren, orain baino 9 gehiago.

  Une honetan Oñatin 339 langabe daude erregistratuta eta urtea % 6,24ko langabezia tasarekin hasi dugu. Aipagarria da, langabezia tasaren kalkuluan zuzenki eragiten duen langile aktiboen datua eguneratu egin duela SEPEk eta 2024an 15 lagun gehiago kontabilizatu ditu. Azken gaurkotze horren ondorioz, Oñatiko populazio aktiboa 5.431 da egun.

  Ikuspegia zabalduta, inguruko herri gehienetan ere gehitu egin langabe kopurua urtarrilean, Elgeta eta Leintz Gatzagan izan ezik, gainontzeko herrietan gora egin du langabeziak azken hilabetean. Berdin gertatu da Hego Euskal Herri mailan, 4.125 langabe gehiago erregistratu baitira enplegu bulegoetan. Araban abenduan baino langabe gutxiago erregistratu dira urtarrilean, ez ordea, bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Guztira, 141.892 langabe daude Hego Euskal Herrian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!