Oñatiko udala

28 langabe gehiago zenbatu dira Oñatin eta tasa % 6.51ra iritsi da

2020/03/03
Card image cap
2017tik ez zen halako tasa alturik neurtzen gurean

  Egoera puntual bat izan liteke, martxoan irauli daitekeena, baina orokorrean Hego Euskal Herrian behera egin duenean, langabeziak gurean izan duen gorakada handia bereziki deigarria da. Urtarrilean Oñatin kasik ez zen alderik izan eta abenduan baino langabe bat gutxiago zenbatu zen. Hego Euskal Herrian aldiz, igoera handia izan zuen langabeziak. Oraingoan ere Oñatik joera orokorraren kontrako datuak eman ditu.

  Azken hilabetean 28 langabe gehiago zenbatu dira gurean eta une honetan, 354 herritar daude lana topatu gura baina ezinean. Igoera adin tarte guztietan eta gizon nahiz emakumeen artean gertatu da. Oñatiko  langabezia tasa % 6,51ra iritsi da. Hilabetean, puntu erdi egin du gora tasak eta halako hurrengo tasa altuaren bila 2017ko martxora egin behar da.

  Sektoreei erreparatuta, zerbitzuen arloan zebiltzanen artean handitu da langabezia, bereziki, baina industrian aritutakoen artean eta lehenengo enplegua bilatzen ari direnen artean ere izan da gorakadarik.

  Orain urtebeteko datuak eskutan, egoera oketu egin da, iazko otsailean baino 26 langabe gehiago baitaude Lanbideko bulegoetan izena emanda. Langabe horiek sexuaren arabera banatuta ordea, egoera hobea dela errepikatu behar da, azken hilabeteetan behin eta berriz azpimarratzen ari garen bezala. Iazko otsailean lan bila zebiltzan oñatiarretatik % 62,5a emakumeak ziren, egun, % 57,34 dira.

  Baina Oñatiko langabeziak otsailean ekarri dizkigun datuak Hego Euskal Herriko joera nagusiaren kontrakoak izan dira, esan bezala, otsailean, 307 langabe gutxiago zenbatu baitira Gipuzkoa, Nafarroa, Araba eta Bizkaian. Lanbiden eta Nafar Lansaren 151.214 lagun daude lanik gabe, duela urtebete baino 2.488 gutxiago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!