Langabeziak gora egin du berriro urtarrilean.
Aurreikuspen beltzenak bete dira eta Oñatiko langabezia tasa %10eko muga psikologikora hurbiltzen ari da. Datuak gordetzen hasi ginen 1993tik hona neurtu den mailarik altuenera iritsi da.
Tradizionalki urtarrila hilabete txarra izan ohi da gurean. Aldikako kontratu ugari amaitu eta lanik gabe geratzen diren herritar asko erregistratzen baitira. 2013a ez da berezia izan alde horretatik, eta langabetuen kopuruak gora egin du berriro.
Alde horretatik abenduan, ez-ohiko joera izan zuen langabeziak gurean eta jaitsi egin zen. Baina orduan komentatu genuen momentuko fenomenoa izan zitekeela eta halaxe baieztatu da. Urtarrilean, beherantzako joera hori irauli eta 45 langabetu gehiago erregistratu baitira gurean. Horrek, hilabete bakarrean, langabezia tasa 85 ehuneko igotzea eragin du edo sarrerakoan esan dugun bezala, kasik %10ean kokatzea. %9.92 da une honetan Oñatin dugun langabezia. Edo beste era batera esanda, 521 langabetu dauzkagu.
Orain urtebeteko datuekin alderatuta, hau da, 2012ko urtarrileko datuekin alderatuta, langabezia tasak puntu eta erdi egin du gora. Eta kopuru errealetan, 441 langabetu izatetik 521 izatera pasatu da. Langabetuen sexu eta adinari dagokionean ez da ezer berezirik aipatzeko. Langabeziak, gizon eta emakumeen artean egin du gora, eta adin tarte guztietan.
Hego Euskal Herrian ere gora egin du langabeziak azken hilabetean. Abenduan baino 9.851 langabe gehiago baitaude Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan. Langabezia lau herrialdeetan hazi baita. Ia 231 mila langile
daude orotara lanik gabe Hego Euskal Herrian.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!