Oñatiko udala

Langabeziak gora egin du berriro gurean.

2013/12/06
Azken sei hilabeteetan gora eta behera ari da herriko langabeen kopurua baina orokorrean, 500 lagunen bueltan beti ere. Azaro amaieran, Oñatin 504 langabetu kontabilizatu zituen Lanbidek.

  Pasa den hilean jada aipatu genuen, maiatzaz geroztik, langabeziak gora eta hurrengoan berriz behera egiten duela hilez hile. Urrian, ez ustean eta Hego Euskal Herriko joera orokorraren kontra, behera egin zuen eta azaroan berriz, inguruko joera nagusi hori apurtuz berriro, gora egin du. Gora eta behera baina aspaldian, 500 lagunen bueltan. Une honetan, Oñatin, 504 langabetu daude, urrian baino 5 gehiago baina iazko azaroan zeudenen paretsu, orduan, 501 langabetu kontabilizatu baitziren gurean.

  Langabetuen sexuari erreparatuta dena den, aldeak izan direla esan genezake. Azken hilabetean, emakumezkoen langabeziak pitin bat behera egin du eta gizonezkoenak gora. Baina orain urtebeteko datuekin alderatuta, lana topatu ezinean zeuden emakumeen kopuruak nabarmenago egin du behera, 11 emakume gehiago baitziren orduan Oñatin lana topatu ezinda zebiltzanak.

  Adinari dagokionez berriz, 45 urtez azpiko gizonezkoen artean egin du bereziki gora langabeziak azken hilabetean. Emakumeen artean berriz, justu 45 urtez gorakoen taldean hazi da langabezia. Aipagarria da ordea, badirudiela Oñatin joera orokorraren kontra edo dabilela langabezia, pasa den hilean Hego Euskal Herrian gora egin zuen bitartean Oñatin behera egin zuelako langabetuen kopuruak eta azaroan berriz, alderantziz gertatu da, Hego Euskal Herrian behera egin du eta Oñatin, pitin bat, baina gora. 

  Azken hilabeteetan, gurean ikusten ari garen gora behera txiki horiek garbi erakusten dute kontratuak egin-egiten ari direla baina orokorrean epe laburreko kontratuak direla, ordezkapenak egin edo lan puntualak atera ahal izateko egindako kontratu motzak. Hori ere, Lanbideko estatistiketan ikusten da. Oñatin azken hilabete honetan lana bilatu baina topatu ezinda erregistratu diren 504 lagun horietatik 316 epe laburreko langabetuak baitira.

  Une honetako Oñatiko langabezia tasa %9,6 da, pasa den hilean baino hamarreko bat handiagoa eta orain urtebete neurtu zenaren kasik pareko. Eta maila horretan dabil azken urtean, gora eta behera, beti ere 500-515 langabetuen inguruan.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!