Oñatiko udala

Langabeziak gora egin du abuztuan Oñatin, ohikoa denez

2022/09/02
Card image cap
368 langabe zenbatu dira azken hilabetean eta tasa %6,76 da, urteko altuena

  Udako hilabeteak gora beheratsuak izan ohi dira gurean, oporrak hartzen dituzten langileak ordezkatzeko aldi baterako kontratazio ugari egiten baitira. Kontratazio gehienak ekaina eta uztailean egiten dira eta ondorioz, abuztuan, baja izaten dira. Aurten, ordea, langabeziak gora egin du bai uztailean eta baita abuztuan ere; bi hilabetetako kopuruak batuta, ekainean baino 51 langabe gehiago daude une honetan Oñatin. Horrek, langabezia tasa ia puntu bat handitzea eragin du, % 6,76 da une honetan, urteko tasa altuena.

  Urtea orain baino hiru langabe gutxiagorekin, antzerako mailan hasi zen, baina maiatza eta ekainean kontratazio berriak egin ziren eta langabezia tasa % 6aren azpitik kokatu zen. Azken bi hilabeteotan joera irauli egin da, garai honetan gurean ohikoa denez.

  Aipagarria da 25 urte azpikoen artean langabeen kopurua ekainean zegoenaren pare dagoela, baina 25 urtetik gorakoen artean gehitu egin da, bereziki emakumeen artean; ekainean baino 38 emakume gehiago dago orain lana topatu nahi dutenen zerrendan. Horrek hainbat hilabetetan murriztuz joan den gizon eta emakume langabeen proportzioan ere eragin du eta Oñatin dauden 10 langabetatik 6 emakumeak dira une honetan.

  Ikuspegia zabalduta, Hego Euskal Herrian langabezia handitu egin da, Oñatin bezala. Uztailean baino 2.085 langabe gehiago daude guztira. Herrialdeka aztertuta, kontrako bi joera agertzen dituzte abuztuko datuek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du langabeziak eta Nafarroan, ordea, ez da eten langabeziaren beheranzko joera, eta, uztailean baino 479 gutxiago zenbatu dira.

  Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze sailburuordeak datuak erlatibizatu ditu, esanez, langabeziaren gorakada albiste txarra dela beti, baina erregistratutako datuek ez dutela zertan joera baten seinale izan, abuztuan langabeziak historikoki gora egin ohi duelako Euskadin. Itxaron egin beharko da beraz, irailean zer gertatzen den.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!