Ikastetxeen inguruko airearen kalitatea neurtzen ari dira herriko ikasleak

Bagabiltz Eskolako Bidea proiektuaren baitan garatzen ari den zientzia lan berria da aipatutakoa. Herriko hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak eta irakasleak ari dira prozesuan parte hartzen eta gaia, maila teoriko batean aztertzetik haratago, praktikan ere lantzen ari dira, kalean.
Udalak prestatutako material didaktikoa erabili dute ikasgelan eta mugitzeko moduaren eta arnasten dugun airearen kalitatearen arteko harremana aztertu dute. Horrekin batera, nitrogeno dioxido neurgailuak kokatu diren lekuak hautatu dituzte, eta horietako batzuk jartzen eta jasotzen lagundu dute. Nitrogeno dioxidoa osasunari eragiten dion gas kutsatzaile nagusienetako bat da eta lotura estua du trafikoarekin.
Hautatutako neurketa-puntuak ikastetxeen inguruan eta haurren ikuspegitik garrantzitsuak diren lekuetan kokatu dira, plazak, jolasteko eta harremantzeko lekuak, nagusiki. Guztira, dosimetroak herriko 25 puntutan jarri dira. Oñatin erabiltzen ari den metodologia nitrogeno dioxidoaren maila neurtzeko Europako hainbat proiektutan erabiltzen den bera da.
Herrian lortutako laginak Erresuma Batuko laborategi homologatu batean aztertuko dira, eta emaitzak ikasturte honen amaieran ezagutuko dira. Aipagarria da, Gipuzkoa mailan lehen esperientzia dela, udalerri bateko ikastetxe guztien inguruko airearen kalitatea aztertzen dena.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!