Oñatiko udala

Langabeziak ez du aldaketa nabaririk izan azken hilabetean gurean

2026/04/08
Card image cap
Langabe 1 gutxiago zenbatu da eta tasa 2 ehuneneko murriztu da

  Martxoko datuek ez dute aparteko argibiderik eskaini herriko enplegu joeraren inguruan, langabe 1 gutxiago zenbatuta, otsaila amaierako egoeraren pare jarraitu baitu, orokorrean. Adinaren eta sexuaren araberako kopuruei erreparatuta, ordea, alde txiki bat badago otsaileko datuekiko eta langabeziak, bereziki, 45 urtetik gorako gizonezkoen artean gutxitu dela esan genezake, aldiz, 25 urtetik gorako emakumeen artean handitu da. Horrek, lana topatu eta ezinean dabiltzan gizon eta emakumeen proportzioan eragin du eta ia %1 handituta, egun lan bila dauden 100 oñatiarretatik 59 emakumeak dira.

  Aldeak dezentez handiagoak dira iazko martxoko datuekin konparatuz gero, aldeak argigarriagoak eta okerragoak ere badira, orain urtebete baino 27 langabe gehiago daudelako egun. Ondorioz, langabezia tasa puntu erdi baxuagoa zen. Oñatin, 322 langabe daude eta tasa %5,93 da martxoko azken datuak eskutan.

  Debagoienean, orokorrean, langabezia handitu egin da azken hilabetean eta 16 langabe gehiago zenbatu dira. Hala ere, Oñatin, Arrasaten eta Elgetan langabe gutxiago erregistratu dira. Gipuzkoan ere langabe kopurua pitin bat murriztu da martxoan baina ez askorik, 14 langabe gutxiago erregistratu baitziren, baina ez dago gaizki, Hego Euskal Herriko zenbaketa bateratuan 28 langabe gehiago izan direlako azken hilabetean. Hala erre, martxoan 6.500 lanpostu baino gehiago sortu direla azpimarratu dute adituek, hau da, Gizarte Segurantzako afiliatuen kopurua handitu dela. Iranen aurkako gerrak energiaren prezioak garestitu eta mundu mailako tentsioa handitu dituen honetan, Hego Euskal Herriko, Gipuzkoako eta Oñatiko ekonomiak eta enpleguak eusten diotela erakutsi dute martxoko datuek eta hori garrantzitsua da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!