Langabeziak beheranzko joerari eusten dio seigarren hilabetez Oñatin
Urtarrilaz geroztik langabezia murriztuz doala aipatzen ari gara; hilabete batetik bestera ez da jaitsiera bereziki esanguratsurik erregistratzen baina joerari eustea positiboa da, kontutan hartuta gainera, Hego Euskal Herri mailan ekainean ohikoa den jaitsiera eten egin dela. Oñatin ere ekainean langabe gutxiago zenbatu ohi dira, baina urtero ez da hala gertatzen. Aurten, ordea, maiatzean baino lau langabe gutxiago erregistratu dira, esan bezala eta abendutik hona 24 gutxiago dira jada. Une honetan 311 langabe daude Oñatin SEPEren arabera eta horietatik 119 gizonezkoak dira, 192 emakumezkoak. Langabezia tasa 7 ehuneneko murriztu da azken hilabetean eta % 5,73 da une honetan.
25 urtetik gorakoen artean murriztu da langabe kopurua gurean ekainean zehar. Generoari erreparatuta, berriz, gizonezkoen artean jaitsi da, bereziki, 44 urte bitarteko emakumezkoen artean handitu egin baita. Orain urtebeteko datuekin alderatuta, ordea, langabeen kopurua handiagoa da egun, iazko ekainean baino 16 langabe gehiago daudelako herrian, SEPEren datuen arabera.
Debagoienean aldiz, joera bestelakoa izan da eta maiatzean baino 11 langabe gehiago zenbatu dira. Oñatin bezala, Arrasaten eta Eskoriatzan ere murriztu egin da langabe kopurua ez ordea, Antzuolan, Aretxabaletan, Bergaran eta Elgetan. Eta aipagarria da maiatzean murriztu zen kopuru berean handitu dela ekainean eskualdeko langabezia. Une honetan Debagoieneko tasa % 7,99 da.
Ikusmira zabalduz, Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian, orokorrean, maiatzean baino langabe gehiago daude, ia 400 gehiago Gipuzkoan, 503 gehiago Hego Euskal Herrian. Afiliazioa, ordea, errekorrak hausten ari da oraindik eta Gizarte Segurantzan kotizatzen duten afiliatuen kopuruak azken hamarkadatako kopururik handiena lortu du ia 1.368.000 afiliatuekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!