Langabeziak beheranzko joerari eusten dio, aurreko hilean baino 5 langabe gutxiago zenbatu dira
Abenduan goia jo eta gero langabeak gutxitzen ari dira Oñatin, hilabetez hilabete, jaitsiera pitinka gertatzen ari bada ere. Apirilean, esaterako, 5 langabe gutxiago zenbatu dira, abendutik hona 17 gutxiago. Adinari erreparatuta, 44 urte artekoen artean gutxitu da langabeen kopurua eta bereziki gizonezkoen artean. Une honetan 317 langabe daude Oñatin eta langabezia tasa % 5,84 da, estatuko enplegu zerbitzutik zabaldu diren azken datuen arabera.
Apirila, eta udaberria orokorrean, kontratazioetarako garai ona izaten da gurean eta langabezia kopurua murriztu eta hobetu egin ohi da. Aurten ere hala betetzen ari da. Dena den, orain urtebeteko datuekin alderatuta, datuak okerragoak dira. Iaz garai honetan baino 12 langabe gehiago daude egun herrian.
Debagoienera begiratuz gero, joera berdintsua antzeman da eta Eskoriatzan izan ezik, gainontzeko herri guztietan langabe gutxiago zenbatu dira apirilean, konkretuki, 76 gutxiago. Horrek, eskualdeko langabezia tasa %8aren azpitik kokatu du, urtean lehen aldiz. Debagoienean 2.379 langabe zenbatu dira azken hilabetean eta tasa %7,99 da.
Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian ere beste horrenbeste errepikatu da eta langabe kopurua murriztu da, 999 gutxiago Gipuzkoan eta 4.201 gutxiago Hego Euskal Herrian. Langabezia jaitsi egin da eta langileen kopurua handitzearekin batera afiliatuen kopuruak marka berria hautsi du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!