Oñatiko udala

Langabeziak behera eginda, % 6.89 da Oñatiko tasa une honetan

2016/12/02
Card image cap
2011tik neurtu den langabezia tasarik baxuena da

  Urri amaieran baino 16 langabetu gutxiago zenbatu dira azaroan Oñatin. Horrek, langabezia tasa puntu laurden baino gehiago jaitsi arazi du eta une honetan, % 6.89 kokatu du. Aipagarria da 2011az geroztik ez zela %7aren azpiko langabezia tasarik lortzen Oñatin.  Portzentaje horiek kopurutara eramanda, une honetan Oñatin, 362 langabetu daude Lanbideren arabera, 160 gizonezko eta 202 emakumezko. Lana topatu nahian dabiltzanen sexuari erreparatuta ez da aparteko diferentziarik gertatu azken hilabetean; urrian bezala, azaroan ere, Oñatin langabezian zeuden 100 lagunetatik 56 emakumezkoak ziren eta 44 aldiz, gizonezkoak. Adinari begiratuta berriz, 25 urtez azpikoen artean ez da alderik egon eta 25 urtetik gorakoen artean berriz, behera egin du bai gizon nahiz emakumeen artean.

  2016. urteari gainbegiratuta, orokorrean, langabeziak beheranzko joera hartu duela nabarmendu daiteke, nahiz eta hilabetez hilabeteko gora beherak izan diren. 2016a, 394 langabeturekin eta  % 7.5eko tasarekin hasi zen; une honetan berriz, 32 langabetu gutxiago zenbatu dira Lanbideko bulegoetan eta tasa, 61 ehuneneko baxuagoa da, %6.89, lehen esan bezala. Ia urtebeteko tarte honetan, lana topatu ezinda zeuden emakumeen kopurua murriztu da nagusiki. Eta urteko 11 hilabeteetan langabezia tasa % 8aren azpitik mantendu da. Hori ere, 2011az geroztik ez zen gertatzen gurean.

   Hego Euskal Herrian ere, langabeziak behera egin du orokorrean. Nafarroan soilik igo da langabezia azaroan. Datu hoberenak, aldiz, Bizkaian izan dituzte, ia 2.000 langabe gutxiago zenbatuta. Gipuzkoa 992 langabe gutxiago erregistratu dira azaroan. Kotizazioek ere gora egin dute hegoaldean, eta azaro bukaerarako 1.267 gehiago ziren Gizarte Segurantzan izena emandakoak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!