Langabeziak behera egin du otsailean Oñatin azarotik hartuta zuen goranzko joera irauliz
Urria amaieraz geroztik langabeziak goranzko joera hartua zuen Oñatin. Gehiago edo gutxiago baina hilero herriko langabetuen kopurua gora egiten ari zela azaldu dizuegu. Hala, urria amaieran 387 langabetu kontabilizatu baziren urtarrila amaieran 29 gehiago ziren, 416. Otsailean ordea, joera irauli da eta langabeziak behera egin du hiru hilabeteren ostean. Une honetan, urtarrila bukaeran baino 12 langabetu gutxiago daude Oñatin, 404 lagun,hain zuzen ere. Ikusi egin beharko da otsailean antzeman dugun langabezia murrizteko joerak datozen hilabeteetan jarraipenik ba ote duen.
Emakumezkoen langabezia murriztu da bereziki otsailean zehar. Lana topatu nahian dabiltzanen zerrendatik desagertu diren 12 horietatik 11 emakumezkoak baitira. Datua ordea, ez da hain positiboa orain urtebeteko kopuruekin alderatzen badugu. Iazko otsailean egun baino 46 langabetu gehiago zenbatu ziren Oñatin, baina lanik ez zutenen sexuari erreparatuta, emakumeen kopurua orduan eta orain parekoa da; aurten baino emakume bat gehiago zegoen iaz Lanbideko zerrendetan. Beraz, urtebeteko epean herriko langabeziak nabarmen behera egin badu ere, ia puntu bat behera, lanean ari diren gizonezkoen langabezia da nabarmen murriztu dena, emakumezkoena parean mantentzen baita. Une honetan , Lanbiden erregistratuta dauden 404 herritarretatik 166 gizonezkoak dira eta 238 emakumezkoak. Langabezia tasa berriz, % 7, 69 da.
Oñatin bezala, Hego Euskal Herrian ere langabe kopuruak behera egin du otsailean zehar. Urtarrileko datuekin alderatuta 254 langabetu gutxiago zenbatu dira. Araban ordea, gora egin du langabeen kopuruak. Orain urtebeteko datuekin konparatuta aldiz, jaitsiera nabariagoa da, iazko otsailean baino 20.293 langabe gutxiago baitaude gaur egun Hego Euskal Herrian.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!