Oñatiko udala

Langabeziak behera egin du otsailean Oñatin.

2017/03/03
Card image cap
25 eta 44 urteko emakumeen artean murriztu da bereziki langabetuen kopurua gurean.

Hirugarren urtez jarraian otsailak irauli egin du langabeziaren goranzko joera eta lana topatu guran dabiltzan herritarrak gutxiago dira. Oñatiko zenbait enpresen produkzio aldiek eraginda, abendua, urtarrila eta otsailean langabeziak gora egin izan du lan kontratuak negua iristearekin amaitzen direlako.

Baina 2015az geroztik, otsailean, kontratazioak ugaldu egin dira urtero eta aurten ere, fenomeno hori errepikatu da. Otsailean, urtarrilean baino 8 langabetu gutxiago zenbatu dira gurean. Datu hori beste era batera ere azaldu liteke: herriko langabetuen kopuruak urtarrilean gora egin zuen adina egin du behera otsailean, hau da, kasik, abenduko kopuru berbera da egun erregistratuta dagoen hori.

384 langabetu daude une honetan Oñatin, populazio aktiboaren % 7,31.

Langabeziak behera egin du azken hilabetean esan bezala, baina nabarmentzekoa da emakumezkoen langabeziak egin duela behera eta bereziki 25 eta 44 urte arteko emakumezkoen artean. Aitzitik, 45 urtez gorako gizonezkoen artean eta nagusiki 25 urtez azpiko emakumeen artean igo egin da lana topatu ezinean dabiltzanen kopurua.

Orain urtebeteko datuekin alderatuta, egoera hobea da bereziki emakumezkoen artean. Izan ere, une honetan iazko otsailean baino 4gizonezko gehiago baitaude enplegu zerbitzuan izena emanda. Emakume langabeen aldea berriz, 24 gutxiago da gaur egun. Beraz, urtebeteko tarte honetan Oñatiko langabezia ia 40 ehuneneko murriztu bada, emakumeena gehiago murriztu da. Une honetan Oñatin langabezian dauden 100 lagunetatik 56 emakumezkoak dira.

Ikusmira zabaldu eta Hego Euskal Herriari erreparatuta, otsaila hilabete ona izan da langabezia murrizteko; aldea ez da oso ona izan baina bai aipagarria krisi urte latzetan hartutako joera apurtu delako berriro.

Krisiaren urte gogorrenetan langabeziak gora egin ohi zuen otsailean, baina ez da halakorik gertatu azken hiruretan, ez Oñatin ezta Hego Euskal Herrian ere, 346 gutxiago izan dira aurten. Herrialdeka begiratuta ordea Nafarroan eta Araban langabezia murriztu bada ere, Gipuzkoa eta Bizkaian igo egin da. Gipuzkoan pitin bat baina igo egin da, 19 langabetu gehiago zenbatu baitira. Oñatin, gogoratu, 8 langabetu gutxiago zenbatu direla Otsailean.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!