Langabeziak behera egin du gurean bigarren hilabetez jarraian.

2013/05/08
Jaitsiera apala izan den arren, 2013ko tasarik bajuenean kokatu da: % 9,79.

  Kopuru hori oso urrun dago krisia pairatzen hasi ginen 2008ko apirilean neurtu zen %4.45-eko langabezia tasatik, 5 urteko epean, bikoiztu baino gehiago egin baita. Baina azken hilabeteetako datuei erreparatuta, 2013. honetako tasarik bajuena da apirilekoa, % 9,79, esan bezala.

Beste datu esanguratsu bat: langabetuen kopuruak bigarren hilabetez jarraian behera egin du Oñatin. Martxoan, jaitsiera nabariagoa izan zen eta otsailean baino 15 langabetu gutxiago kontabilizatu ziren gurean. Azken hilean beste 4 gutxiago kontabilizatu dira. Lanbidetik jaso ditugun apirila amaierako datuen arabera, Oñatin, 514 langabetu daude. 

  Langabezian dauden gizonezkoek kopuruak egin du behera azken hilabetean eta egoera berean dauden emakumekoenak, berriz gora. Martxo akaberan baino 7 gizon gutxiagok eman baitute izena eta 3 emakume gehiagok. Adinei dagokienez, 25 eta 44 urte arteko gizon eta emakumeetan ez da aldaketarik izan eta martxoko kopuru berberak mantendu dira. Horrek esanahi du 25urtez beherako eta 45 urtez gorako gizonezkoen artean egin duela langabeziak behera, eta adin talde bereko emakumezkoen artean berriz, gora.

  Aurrez zerbitzuetan aritutakoak dira, herrian lana topatu ezinda dabiltzanen erdiak. Eta hirutik bat berriz, aurrez industrian aritutakoak dira.

  Langabetuen jatorriari begiratuz gero, gehienak, estatuan jaiotakoak direla esan behar. Oñatin lana topatu eta ezinean dauden %85a bertakoak baitira. 

  Oñatin bezala, Hego Euskal Herrian ere langabezia jaitsi egin da apirilean, ia 3.000 langabe gutxiago kontabilizatu baitira. Oñatin gogoratu, jaitsiera hori apala izan dela, martxoan baino lau lagun gutxiago besterik ez. Baina beheranzko joera hori bigarren hilabetez jarraian eman da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!