Langabezia murriztu egin da Oñatin

Pasa den hilean justu kontrakoa aipatu genuen eta ezohiko fenomenotzat jo genuen, sexu eta adinari dagokionean erregistratutako diferentzia nabarmena zela azpimarratuz. Hau da, langabe geratu ziren 45 urtetik gorako gizonezkoek eragin zutela Oñatin langabeziak gora egin izana, apirilean. Orain, bestelakoa gertatu da eta 45 urtetik gorako gizonezkoen kontratazioak eragin du bereziki, langabeziaren murrizketa gurean. Horrela, maiatzean ohikoa izaten den joera errepikatu da aurten, alegia, langabezia gutxitzea. Une honetan 300 langabe daude Oñatin, SEPEren azken datuen arabera; 118 gizonezkoak dira, 182 emakumezkoak. Adinari erreparatuta, eta apirileko datuekin alderatuta, 25 eta 44 urte artekoen artean gehitu da langabeen kopurua, nabarmen gutxitu da 45 urtetik gorakoen artean, lehen aipatu bezala.
Iazko datuekin konparatuta, aldea ez da handia, 2024ko maiatzean orain baino 3 langabe gehiago zeudelako gurean. Justu orduan erregistratu zen iazko langabezia tasarik apalena. Aurten, maiatzekoa urteko hirugarren tasarik apalena da, otsailean eta martxoan erregistratu zirenen atzetik.
Debagoienean, orokorrean, langabe kopuruak behera egin du, 63 langabe gutxiago erregistratu baitira. Oñatin bezala, langabezia murriztu egin da Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan. Begirada zabaldu eta Hego Euskal Herria hartuta, beste horrenbeste aipatu behar da, alegia, langabeen kopurua gutxitu dela, lurralde eta sektore guztietan, gainera, 2009ko krisiaren aurreko kopuruetan kokatuz. Horrek, Hego Euskal Herrian inoizko langile gehien daudela esatera garamatza. Nazioartean, ekonomia arloan, zalantzak eta ezinegona zabaltzen ari den honetan, lan merkatuak eutsi egiten dio Euskal Herrian, aspaldiko langabezia datu hoberenak emanda.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!