Langabezia handitu egin da azken bi hilabeteetan eta iazko abuztuko maila berean kokatu da
Uztailean modu apalean baina abuztuan era nabarmenagoan gehitu da langabeen kopurua herrian eta 2025eko abuztuko maila berean kokatu da. 325 langabe daude Oñatin, SEPEren arabera, eta langabezia tasa
% 5,98ra iritsi da, ekainean baino puntu laurden gorago. Uztailean langabe bakarreko aldea erregistratu zen, abuztuan berriz, 13 gehiago. Baina langabezia tasa %6aren azpitik mantentzen da, otsailetik hilero aipatzen ari garenez.
Ekaineko datuekin alderatuz, adin talde guztietan gehitu da langabeen kopurua baina bereziki 25 urtetik gorakoen artean eta emakumezkoen artean. Orain urtebeteko datuekin alderatuta berriz, kopurua orokorra errepikatzen dela ikusteak atentzioa ematen du, orduan ere 325 langabe erregistratu baitziren gurean. Horrek esanahi du azken 12 hilabeteetan izan diren murrizketak neutraldu eta ezerezean-edo geratu direla. Baina xehetasunetara joanda, egoera ezberdina da, orain urtebete baino emakumezko gutxiago daudelako lan gabe; lau puntu murriztu da emakumezkoen langabezia iazko abuztuarekiko, baina 25 urte bitartekoetan eta 45 urtetik gorakoen artean langabeen kopurua handiagoa da egun.
Eskualdera begira jarrita joera errepikatu da, nahiz eta igoera apalagoa izan den, ekaina amaieran baino 3 langabe gehiago zenbatu direlako Debagoienean. Oñatin bezala Eskoriatzan gehitu egin da langabe kopurua ekainetik hona eta gainontzeko herri guztietan bere horretan mantendu edo gutxitu egin da. Ondorioz, Debagoienako langabezia tasa %8,01 da une honetan, ekainean baino bi ehuneneko handiagoa. Ikuspegia Hego Euskal Herrira zabalduta beste horrenbeste aipatu behar da, alegia, langabe kopurua handitu dela uztaila eta abuztuan zehar, 3.851 gehiago zenbatu baitira. Ohi bezala, emakumeak gehiengoa dira langabeen artean, hamarretik sei ia, Oñatin, hamarretik sei pasa dira. Afiliazioak ere behera egin du, izan ere, ekainean jo baitzuen goia Gizarte Segurantzako afiliazioak, 1.367.929 langilerekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!