Oñatiko udala

Langabetuen kopurua paretsu mantendu da azken hilabetean Oñatin, langabe bat gutxiago erregistratu da

2023/02/02
Card image cap
Baina abenduan baino gizon gutxiago daude lanik gabe gurean eta, aldiz, emakume gehiago

  Hori da SEPEtik jaso ditugun azken datuetan aipagarriena, langabezia datu orokorra abendu amaierako maila kasik berean mantendu dela baina sexuari erreparatuta, lana topatu nahi duten gizon eta emakumeen aldea handitu egin dela. Izan ere, urtarrilean, 7 gizon langabe gutxiago zenbatu dira Oñatin baina, aldiz, 6 emakume langabe gehiago. Adinari begiratuta, berriz, 25 eta 44 urte arteko gizonezkoen artean eta 25 urte arteko emakumeen artean gutxitu da langabeen kopurua gurean eta bereziki 45 urtez gorako emakumeen artean gehitu da.

  Orokorrean, ordea, abendutik urtarrilera ez da alde handirik izan, lagun bat gutxiago zenbatu da urtarrila amaieran, 348 langabe guztira, eta Oñatiko langabezia tasa, % 6,4 da, aurreko hilabetean baino ehuneneko bat txikiagoa. Orain urtebeteko datuekin alderatuta, berriz, aldea ere ez da handia. Iazko urtarrilean baino 6 langabe gehiago daude orain herrian, baina iazko otsailean gehitu egin zen kopuru hori eta justu aurtengo urtarrilean erregistratu denaren pare jarri zen. Beraz, hilabete gora behera, orain urteko kopuruak errepikatu direla esan genezake.

  Hego Euskal Herri mailan aldea handiagoa izan da azken hilabete honetan eta 2.495 langabe gehiago zenbatu dira. Hala ere, aipatu behar da, Nafarroan, datuak neurtzen hasi zirenetik urtarrilean inoiz izan den igoera txikiena dela aurtengoa.
Kontratazioari dagokionez, 79.669 kontratu berri sinatu dira eta %25a inguru mugagabeak izan dira. Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua jaitsi egin da abendutik urtarrilera, kasik ehuneko puntu bat Euskal Autonomia Erkidegoan, eta % 0,83 berriz Nafarroan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!