Lagun bat gehiago zenbatuta, gora behera txikia izan da azken hilabetean herriko langabezian
Azaroan, Oñatiko langabezia-datu orokorretan ez da apenas aldaketarik izan, urrian baino langabetu bat gehiago zenbatu da eta hilabetea, 388 langabetuekin amaitu da. Baina langabetuen genero eta adinari erreparatuz gero, ñabardurak ikusten dira. Urrian baino 11 emakume langabetu gehiago erregistratu dira azaroan. Eta adin taldeka, langabezia, nagusiki, 25 eta 45 urte bitarteko emakumeen artean hazi da azken hilabetean. Txanponaren bestaldean noski, gizon langabeen kopurua murriztu egin dela esan behar da. Eta beherakada hori 45 urte bitarteko gizakumeen artean gertatu da bereziki.
Orain urtebeteko datuekin konparatuz gero, ordea, aldeak esanguratsuagoak dira. Iazko azaroan, 443 langabetu zeuden Oñatin erregistratuta, hau da, aurtengoan baino 55 gehiago. Lan gabe zeuden emakume eta gizonezkoak ondorioz, gehiago ziren orain urtebete. Baina aipagarria da 12 hilabeteko tarte horretan, Oñatiko gizonezkoen langabeziak nabarmen egin duela behera, azaro amaieran urtebete lehenago baino 45 gizon gutxiago baitzeuden Lanbiden izena emanda.
Une honetan, esan bezala, Oñatin 388 langabetu daude erregistratuta eta horrek esanahi du, populazio aktiboaren % 7,39ak ez duela lanik.
Debagoienean, orokorrean, langabeziak behera egin du azaroan, 51 langabe gutxiago erregistratu baitira. Une honetan eskualdeko langabezia tasa %11,13 da. Baina Oñatin bezala, Antzuolan eta Arrasaten ere gora egin du langabetuen kopuruak. Bergaran eta Aretxabaletan berriz, nabarmen behera egin du. Hego Euskal Herrian ere, behera egin du langabeziak azken hilabetean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!