Oñatiko udala

Langabeen kopurua handitu egin da Oñatin

2025/05/08
Card image cap
Martxoan baino 10 langabe gehiago zenbatu dira, eta gizonezkoen eta 45 urtetik gorakoen artean izan da gorakada hori

  Deigarriak dira apirilean Oñatin erregistratutako langabezia datuak, sexu eta adinari dagokionean diferentzia nabarmenak azaltzen dituztelako. Martxoko datuekin alderatuta, 10 langabe gehiago zenbatu dira azken hilabetean gurean, baina emakumeen artean, langabeen kopurua murriztu den bitartean, 15 gizon gehiago erregistratu dira. Adinari erreparatuta, 45 urtetik gorakoen artean handitu da langabezia eta 20 gehiago erregistratu dira, aldiz, 45 urtez azpikoen artean nabarmen egin du behera. Aipagarria da, gainera, 25 eta 44 urte artekoen kopurua 100etik behera kokatu dela inoiz ikusi dugun mailarik baxuenean. Beraz, eta laburtuz, gizonen artean eta 45 urtetik gorakoen artean handitu da bereziki langabezia gurean, azken hilabetean. 

  Arrazoia Stadler enpresan egon liteke, iazko uztailean hartzekodunen konkurtsoan sartuta, akordiorik gabe, enpresa itxi eta likidatzeko prozesuan baitago. Langileak hasi dira kaleratze agiriak sinatzen. Gogoratu, Stadlerrek 58 langile zituela.
Baina arrazoia edozein delarik ere, une honetan Oñatin 305 langabe daude eta langabezia tasa %5,62ra handitu da, urtarriletik aipatzen ari garen murrizte joera iraulita. Hala ere, orain urtebeteko datuak baino hobeak dira, orduan, 20 langabe gehiago zeudelako gurean.

  Debagoienara begiratuta ere, orokorrean, martxoan baino langabe gehiago daude orain, 43 gehiago. Eta Oñatin 10 langabe gehiago zenbatu direla esaten ari bagara, Bergaran, 20 gehiago izan dira. SEPEtik jaso ditugun azken datuen arabera, Debagoienean 2.383 langabe erregistratuta daude eta horrek, eskualdean, %8ko langabezia tasa dela adierazten du. 

  Hego Euskal Herri mailan, ordea, apirila bestelakoa izan da, eta inoizko afiliazio daturik onenak eman ditu, langabe kopurua ia bi puntu murriztu da hilabete bakarrean, 2.470 langabe gutxiago zenbatuta. Apirila, Aste Santua eta turismoa tarteko, hilabete ona izan ohi da langabeziari dagokionean Hego Euskal Herri mailan eta 2025ekoa ere hala gertatu dela adierazten dute azken datuek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!