Langabe kopuruak nabarmen behera egin du Oñatin irailean, ohikoa denez

Irailean langabeziak behera egin ohi du gurean bezala Hego Euskal Herrian ere, udan eteten diren hezkuntza arloko kontratuak berriro egiten direlako, maila handi batean. Gabonetako kanpainak edo urte amaierara arteko eskaera konpromisoak ere bete behar dira eta horrek langile berrien kontratazioa ekartzen du gurean. Batera edo bestera, abuztu amaieran baino 24 langabe gutxiago zenbatu da Oñatin eta langabezia tasa % 5,54ra murriztu da, aurreko hilabetean baino kasik puntu erdi baxuago. Langabezia murrizketa hori emakumeen artean gertatu da bereziki, abuztuan baino 23 emakume langabe gutxiago zenbatu direlako. Adinari erreparatuta, berriz, 25 eta 44 urte artekoen artean gutxitu da, nagusiki, bai gizon zein emakumeen artean.
Orain urtebeteko datuekin alderatuta, orduan ere, langabeziak nabarmen behera egin zuela kontatu genuen, aurten baino modu nabariagoan gainera, baina langabe zeudenen kopurua egungoa baino handiagoa zen, 8 gehiago. Bestalde, Oñatin lanik ez zuten gizon eta emakumeen aldea handiagoa zen, iazko irailean. Une honetan, lana topatu nahi duten oñatiarren %63 emakumeak dira.
Debagoienean ere behera egin du langabeen kopuruak azken hilabetean eta eskualdeko herri guztietan abuztuan baino langabe gutxiago zenbatu dira. Ondorioz, Debagoienean 2.393 langabe erregistratu dira, abuztuan baino 142 gutxiago. Hego Euskal Herrian ere joera berbera errepikatu da, 2.210 langabe gutxiago daudelarik. Kasu honetan ere ikasturte berriaren hasieran hezkuntza eta zerbitzuen sektoreetan egiten diren kontratuekin lotu dute langabeziaren beherakada adituek. Guztira 113.755 kontratu egin dira irailean eta lautik hiru zerbitzuetan erregistratu dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!