Langabe kopurua gutxitu egin da urtarrilean baina iazkoa baino handiagoa da
Abenduan nabarmen handitu zen langabezia gurean, eta tasa % 6tik gora joan zen, 2024ko abuztutik lehenengoko aldiz. Azken hilabetean pitin bat murritu da baina orain urtebete baino handiagoa da oraindik. Urtarrila amaieran 327 langabe zeuden herrian erregistratuta, aurreko hilabetean baino 7 gutxiago; 25 eta 44 urte artekoen artean murriztu da langabezia azken hilabetean gurean, eta kasik kopuru berean egin du behera gizon zein emakumezkoen artean. Jakina da Gabonetako kanpainari edo urte amaiera arteko lan kargari erantzuteko udazkenean egiten diren kontratu asko urtearekin bukatzen direla gurean, ondorioz, langabezia gehitu egin ohi dela urte hasieran, aurten, gehitze hori aurreratu eta abenduko datuetan islatu zen; urtarrilean, pitin bat hobetu da egoera, baina aurreko hilabeteko galera guztiz irauli gabe. Ikusteke dago hoberako joera horrek jarraipenik duen datozen hilabeteetan. Izan ere, orain urtebeteko datuekin alderatuta, egoera okerragoa da egun, 16 langabe gehiagorekin eta puntu erdi handiagoa den langabezia tasarekin.
Debagoienean ere urtarrila abendua baino hobea izan da, orokorrean, 20 langabe gutxiago zenbatu direlako. Arrasaten eta Antzuolan langabe gehiago zenbatu dira, gainontzeko herrietan gutxiago. Ikusmira zabalduz, Gipuzkoan ere aurreko hilabetean baino 19 langabe gutxiago erregistratu ziren urtarrilean, baina Hego Euskal Herrian 837 gehiago zenbatu ziren. Azpimarragarria da, gainera, abenduan baino ia 15.000 afiliatu gutxiago zeudela Gizarte Segurantzan urtarrila amaieran. 2013ko urtarrilera egin behar da halako enplegu galdera handia ikusteko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!