Langabe gutxiago zenbatu dira otsailean eta %6ko langaren azpitik kokatu da herriko langabezia tasa berriro
323 langabe erregistratu dira Oñatin azken hilabetean, urtarrilean baino 4 gutxiago. Horrek, langabezia tasa % 6aren azpira eraman du berriro, 2024ko irailetik iazko abendura arte egon zen bezala. Une honetan % 5,95 da herriko langabezia tasa. Azken hilabetean izan diren gorabeherei erreparatuta, orohar, emakumezkoen artean murriztu da langabe kopurua gurean. Baina adinaren aldagaia ere kontutan hartzen badugu, bereziki 44 urte arteko emakumezkoen artean gutxitu da, nagusiki. Abenduan modu nabarmenean handitu zen langabe kopurua gurean eta otsailean, bigarren hilabetez jarraian murriztu egin bada ere, ez da azaroko datuen parera iritsi.
Aldeak dezentez handiagoak dira orain urtebeteko datuekin konparatzen baditugu. Iazko otsailean baino 31 langabe gehiago dago une honetan Oñatin, eta aipagarria da, alde hori ia osorik gizonezkoen artean eman dela, emakume langabeen kopurua berdintsua baita aurtengo eta iazko otsailean. Langabezia tasa ere momentu honetan dagoena baino puntu erdi pasa txikiagoa zen iazko bigarren hilabetearen amaieran.
Ikuspegia zabalduta eta Debagoieneko datuak eskutan, beste horrenbeste errepikatu genezake. Azken hilabete honetan eskualdeko langabeen kopurua murriztu egin da, 23 gutxiago erregistratu dira, eta Elgetan izan ezik, gainontzeko herri guztietan langabe gutxiago zenbatu dira. Hala ere, eskualde mailako egoera orokorra orain urtebetekoa baino okerragoa da, 95 langabe gehiagorekin. Hego Euskal Herri mailan ere murriztu egin da langabezia eta urtarrilean baino 873 langabe gutxiago erregistratu dira; Oñatin gertatutakoaren kontrara, gizonen artean jaitsi da gehien langabezia. Nafarroan izan ezik, beste hiru lurraldetan langabe gutxiago erregistratu dira azken hilabetean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!