Oñatiko udala

Lanerako orientazio zerbitzua mantentzearen beharra adieraziko dio Udalak Mankomunitateari

2015/10/22
Card image cap
Datorren urtean zerbitzuarekin zer gertatuko den erabakitzeke dago

  Debagoieneko Mankomunitateak eskaintzen du lanerako orientazio zerbitzua. Zerbitzua, Lanbideko laguntzei lotuta egon da urteetan, zerbitzuaren finantzaketan parte hartzen baitzuen. Aurtengo diru laguntzak irailaren 30ean amaitu ziren baina zerbitzuak jarraitu egiten du, Mankomunitateak, urtea amaitu bitartean lanerako orientazioa eskaintzen jarraitzeko konpromisoa hartu baitzuen.

  Zerbitzuan diharduten bi lan orientatzaileak beste egitasmo batzuk lantzen hasi dira gainera, eta horrek guztiak, zerbitzuaren berrantolatu beharra eragin du. Lanerako orientazio zerbitzua, Mankomunitatean bertan, Garapen Agentziaren egoitzan eskaintzen da baina baita eskualdeko udaletan ere. Horretarako, lan orientatzaileetako bat herririk herri ibiltzen da tokian tokiko eskaerak betetzen. Oñatira, esaterako, asteazkenetan etorri izan da orain arte. Baina zerbitzua berrantolatu egin da eta aurrerantzean, gutxiagotan etorriko da; hilean lau egunetan etorri ordez, hirutan etorriko da.

  Azken Tokiko Gobernu Batzarrean, Mankomunitatetik jaso den jakinarazpenaren berri eman zen baina aldi berean, zerbitzuarekin jarraitzeko beharra azpimarratu zen.

  Lanerako orientazio zerbitzua udaleko enplegu zerbitzutik egiten den lanaren osagarri gisa ikusten da bereziki langabetuen kasuan. Lan bila dabilenari, era aktiboan bila jarraitzeko laguntza edo akonpainamendua eskaintzen zaio. Hala zerbitzura doanari, Lanbideko kurrikuluma eguneratu eta kurrikulum pertsonala moldatzen laguntzen zaio eta lana bilatzeko tresna ezberdinak lantzen dira. Bide batez, lan helburuak zehaztuta, horien jarraipena egiten da. Beraz, ez da zita edo saio bakarrera mugatzen. Eskatzaile bakoitzarekin hiruzpalau saio edo eskatuz gero, gehiago egiten dira. Horretarako, eta lehen zita eskatzeko, aurrez udaleko enplegu zerbitzura edo mankomunitateko garapen agentziara deitu behar da. Oñatin, dexenteko eskaera kopurua du zerbitzuak eta ondorioz, txanda eskatu eta 3-4 astera ematen da agenda beteta izaten delako.

  Zerbitzuaren garrantziaz jabetuta Oñatiko Udalak, lanerako orientazio zerbitzua mantendu dezala eskatuko dio Mankomunitateari. Erabakia, datozen asteetan hartu beharko da, oraingoz, urte amaierara arte bakarrik eskaintzeko konpromisoa baitago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!