Lanerako hiru formazio ikastaro emango dira Larraña institutuan
Lanerako prestakuntza ikastaro hauen izena eta kudeaketa aldatu bada ere, lehen zuten izaera mantentzen dute, oinarri eta edukietan. Lanbidek kudeatzen zuen Hobetuz programa Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen C graduko ikastaro bihurtu dira. Halakoak egiten eskarmentu luzea du Larraña institutuak eta 2026-2027 ikasturterako eskaintza zehaztu du, izen-ematea zabalduz.
Langabeei zuzenduta nagusiki, baina formazioa osatu nahi duten langileentzat ere badira prestakuntza ikastaro hauek. Iraupenaren arabera, laguntzaile titulua edo tekniko titulua jasoko da amaieran. Hiru ikastaro prestatu dira ikasturterako eta lehena berehalakoan, urriaren 8an hasiko da: fabrikazio mekanikoko operazio laguntzaile ikastaroan, hain zuzen ere. 459 orduko lehen mailako ikastaroa da eta goizez egingo da. Beste biak bigarren mailako ikastaroak dira, mekanizatuan tekniko eta soldadura eta galdaragintzan tekniko ikastaroak, alegia. Lehenak 768 orduko iraupena izango du, bigarrenak, aldiz, 657 ordukoa. Biak arratsaldez emango dira. Lanerako prestakuntza ikastaro hauek %100 diruz lagunduta daude.. Interesatuek Larraña institutura jo dezakete informazio eske edota izena ematera.
Larraña institutuan araututako Lanbide Heziketa eskaintzeaz gain, langile nahiz langabeei zuzendutako prestakuntza eta etengabeko formazio ikastaroak ere antolatzen dira. 2026-2027 ikasturtea hastearekin batera zabaldu du C graduen eskaintza.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!