Lander Beloki izango da Mondragon Unibertsitateko errektore berria
Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak ezohiko bilera egin du, eta Lander Beloki, egungo Enpresagintza fakultateko dekanoa izendatu du, Mondragon Unibertsitateko errektore berri. Erabakia gaur hartu den arren, izendapena urte berriarekin sartuko da indarrean, hau da, 2027ko urtarrilaren 1ean.
Pasa den astean, irailaren 14an iragarri zuen Bixente Atxak abenduaren 31n utziko zuela Mondragon Unibertsitateko errektore kargua, hirugarren agintaldia bukatu eta 12 urteko ibilbidea itxiz. Oñatiarraren lidergoak modu esanguratsuan lagundu du Mondragon Unibertsitateak gizartean duen eragina sendotzen eta unibertsitatearen hazkundean eta nazioarteratzean ere, Kontseilu Errektoreak azpimarratu duenez. Atxaren giza kalitatea eta konfiantzazko harremanak sortzeko gaitasuna ere gogoan hartu da eta horregatik guztiagatik, esker ona eta aitortza publikoki adierazi nahi izan dizkio Mondragon Unibertsitateko presidente Xabier Egibarrek. Halaber, Lander Belokirengan erabateko konfiantza duela adierazi du Kontseilu Errektoreak. Unibertsitatearen erronkak eta aukerak gidatzeko Belokiren ibilbidea eta esperientzia berme sendoa direla gaineratu dute.
Lander Beloki Mendizabalek 55 urte ditu eta azken 21k Oñatin eta Enpresagintza Fakultateko dekano moduan eman ditu. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktore da Euskal Herriko Unibertsitatean, 1999an hasi zen Mondragon Unibertsitatean lanean. Bere ibilbide profesionalari esker, unibertsitatearen, enpresaren eta kooperatibismoaren esparruen ezagutza zabala eskuratu du eta hori Mondragon Unibertsitatearen errektore karguan txertatzeko aukera izango du datorren urtarrilaren 1etik aurrera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!