Oñatiko udala

Landalurrak erosteko prozedura berria abiatu du Udalak

2026/01/13
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 17ra arte

  Oñatiko Udalaren helburuen artean dago bertako espezie, baso eta ekosistemen kontserbazioa indartzea eta bioaniztasunaren galera geldituko duten politikak sustatzea. Ildo horretan, kontserbaziorako ekintzak eta bestelako egurgintza eredu baten aldeko praktikak martxan jartzeko helburuarekin, landalur izaerako lursailak erosteko prozedura berria jarri du abian udalak. Horren berri ematen duen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu da gaur.

  Oñatiko udalerrian dauden basoak, landatutako basoak, ibaiertzeko basoak, zuhaixkak edota sastrakadiak erosi asmo dira. 5 interes-gune zehaztu ditu Udalak: hegazti nekrofagoen babes eremuak Natura-2000 eremutik kanpokoak; Aldakiño-Olapoto hiri basoarekin muga egiten duten basoak; Legazpi-Antzuola.Bergara udalerrien arteko muga egiten duen mendilerroa; erreken zaintza eremuak eta Bakue aldean, Iruetxaboleta edo Paganabar deritzon eremua. Aurkezten diren lursailen azaleraren %50a gutxienez deskribatutako kategoriaren baten egon beharko du. Eskaintzen diren lursailek gutxienez hektarea bateko azalera izatea eskatzen du Udalak, salbuespen batzuk aurreikusi diren arren. Gainera, eskaintzen diren lursailak mota guztietako kargetatik libre egon beharko dira eta jabeak gastu, zerga eta erkidego kuota guztien ordainak egunean izan beharko ditu.

  Lur patrimonialen erosketa honetara 40.000 euro bideratu ditu udalak eta hektareako finkatu duen gehienezko prezioa 2.000 euro da. Lizitaziora aurkezten diren eskaintzak beraz, prezio horren pareko edo azpiko proposamenak izan beharko dira, kontutan hartu daitezen. Interesatuek otsailaren 17ra arteko epea dute beraien eskaintzak aurkezteko. Lizitatzaile bakoitzak proposamen bakarra aurkeztuko du, eta bertan saldu nahi dituen lursail guztiak aipatu eta deskribatu beharko ditu eta eskainitako lursailek prezio desberdinak balituzte, proposamen ekonomikoak adieraziko da. Hala ere, eskaintzak lurzati bat baino gehiago baditu, bakoitza banaka baloratuko da eta erosteko proposamena ere lurzatika egingo da. Zein lursail erosi erabakitzeko hainbat irizpide hartuko dira kontutan: eskaintza ekonomikoa, lursailaren azalera eta malda, eta udalaren jabetzako lursailekiko duen hurbiltasuna.

  Ez da lehen aldia udalak landalurrak erosteko deialdia egiten duela, azkena, iazko otsailean gauzatu zuen, Arantzazun 166.000 m2ko lursaila eskuratuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!