Oñatiko udala

Landa-lursailak mugatu eta digitalizatzen jarraituko du Udalak

2025/09/24
Card image cap
13 eta 14. poligonoetako partzelen mugak jasotzeko zerbitzua kontratatzeko prozesua abiatu berri da

  Iazko urte hasieran ekin zion Udalak landa eremuko lursailen mugaketa digitalki jasotzeari. 1-2 eta 3. poligonoetako lursailak digitalizatu ziren lehenik eta, une honetan, 4. eta 5. poligonoetako lursailena oso aurreratuta dago. Katastroari jarraituz hurrengo biak 13 eta 14 zenbakidun poligonoak dira eta hauetan dauden lursailen mugaketa zerbitzua esleitzeko prozesuari ekitea erabaki zen azken gobernu batzarrean. Deialdia argitaratu da eta proposamenak aurkezteko epea urriaren 8an itxiko da.

  13 eta 14. poligonoek Olabarrieta auzoko lursailak hartzen dituzte. Ia 500 Ha-ko gunea da eta 434 lursail edo partzela biltzen dituzte. Lan kontratua lortzen duen enpresak, katastroko bi poligono horietan dauden lursailak identifikatu, jabeekin harremanetan jarri, mugakideen arteko akordioa lortzen saiatu eta lursailen mugak digitalki jaso beharko ditu. Helburua da, lurren muga eta kokalekuak GPS bidez geo-erreferentziatuta jaso eta katastroa eguneratzea. Lanaren aurrekontua 60.940 eurotan finkatu du Udalak eta 12 hilabetetan egin beharko da. Interesa duten enpresek urriaren 8ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Eskaintza ekonomikoa garrantzitsua izango da lanen esleipenean baina ez da irizpide bakarra izango, egin beharreko lanen memoria, proposatutako hobekuntzak eta antzerako lanetan lantaldeak duen esperientzia ere baloratuko baita.

  Lursailen mugaketa eta digitalizazio lanak egiten ari dira katastroko 4 eta 5. poligonoetan. Oso aurreratuta daude eta azarorako amaitzea aurreikusten da. Orduan, dokumentazioa lursailen jabeei ez ezik, Foru Aldundira bidaliko da hauei buruz duen informazioa eguneratu dezan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!