Oñatiko udala

Landa Garapena Udal departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2026/04/29
Card image cap
67.000 euro banatuko dira zortzi laguntza lerrotan

  Zortzi dirulaguntza atalak hauek dira: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, bertako produktuak merkaturatzeko, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko, putzu septikoak garbitu eta instalatzeko, landa-auzoetako ermiten argindar kostua ordaintzeko, basobide pribatuak eraiki eta hobetzeko, baserrien kanpoaldean argi-puntuak jartzeko kostua ordaintzeko eta ur-hornidura sarera lotu gabe dauden baserrien ur hornidura lanetarako. Azken laguntza lerroa berria da eta ur-hornidura sarera lotu gabe dauden eta lotzeko aukerarik ez duten baserrien jabeei zuzenduta daude. Ur-hornidura izateko lanen %50a diruz lagunduko da, baserriko 4.500 euroko mugarekin. Gainontzeko 7 laguntza lerroak ezagunak dira, urteetan eman dituelako Udalak.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntza lerroaren helburua, nekazaritza-ustiategien jarraipena ziurtatzea da eta Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzio aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen baitan berrikuntza teknologikora bideratutakoak eta belaunaldien arteko errelebora bideratutakoak jasotzen dira. Laguntza lerro honetan sartuko dira ustialekuetako eraikin edo nabeak eraikitzea, nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa eta baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalazioak. Arkitekto eta ingeniarien ordain-sariak eta bideragarritasun azterketa eta txostenak egiteko gastuak ere. Eta lehen aipatu bezala, berrikuntza teknologikora bideratutako edota belaunaldien errelebora bideratutako aholkularitza gastuak.

  Bertako produktuak merkaturatzeko dirulaguntzen atalean, azokara baserri produktuak saltzera doazenei ematen zaien dirulaguntzaz gain, kontsumo taldeei zuzendutako laguntzak ere sartzen dira. Hirugarren laguntza lerroa, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko da. Laugarrena, putzu septikoak garbitu eta berriak egiteko gastuak arintzera zuzenduta dago eta udalak, putzu septikoa husteko eta instalazio berriaren kostuaren erdia diruz lagunduko du. Bosgarren laguntza lerroa auzoetako ermitetan egiten den argindarraren kostua ordaintzeko da. Ermitak Gotzaitegiaren ardurapean egonik ere, argindarra auzotarren izenean dagoenean edo auzotarrek ordaintzen dutenean, udalaren dirulaguntza eskatu ahal izango du auzo alkateak. Argiarekin lotuta, landa auzoetako baserrietan argi-puntuak jartzeko kostua arintzeko dirulaguntzak ere ematen ditu Udalak. Eta azkenik, baso-bide pribatuak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzak daude. Baso sektorea garatu, modernizatu edo egokitzeko helburuarekin eraikitako baso bideen kargua arintzea da laguntzaren xedea. Pista berriak egitea ez da diruz lagunduko, ezta ere aurreko 5 urteetan dirulaguntzaren bat jaso duten bideen mantentze lanak. Aurten, 2026an egindako lanetarako dirulaguntzak dira. Eman, berriz, baso azaleraren arabera emango dira, gastuaren % 30 eta % 80 artean estaliz, baina gehienera, 3.000 euroko topearekin, onuradun bakoitzari eta urteko.

  Landa Garapena Udal departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago, abenduaren 31ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!