Oñatiko udala

Landa Garapena departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2024/03/18
Card image cap
Eguzki energia instalakuntzetarako dirulaguntza eman zuen Udalak, iaz
67.000 euro banatuko dira zazpi laguntza lerrotan

  Landa Garapena departamentuak zazpi dirulaguntza lerro kudeatzen ditu: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, bertako produktuak merkaturatzeko, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko, putzu septikoak garbitu eta instalatzeko, landa-auzoetako ermiten argindar kostua ordaintzeko, baso-bide pribatuak eraiki eta hobetzeko eta landa-auzoetako baserrietan argi-puntuak jartzeko kostua.

  Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntza lerroaren helburua, nekazaritza-ustiategien jarraipena ziurtatzea da eta Euskadiko nekazaritzaren eta landa ingurune osoaren funtzio aniztasuna eta iraunkortasuna bermatu eta sustatzea. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen baitan berrikuntza teknologikora bideratutakoak eta belaunaldien arteko errelebora bideratutakoak jasotzen dira. Inbertsioak 40 urte baino gutxiagoko nekazari gazteek eginez gero gainera, laguntzak, %20ra arte handituko dira. Laguntza lerro honetan sartuko dira ustialekuetako eraikin edo nabeak eraikitzea, nekazaritza makineria eta ekipoen erosketa eta baratzezaintza eta lorezaintza intentsiborako instalazioak. Arkitekto eta ingeniarien ordain-sariak eta bideragarritasun azterketa eta txostenak egiteko gastuak ere. Nekazaritza ustialekuak modernizatzeko laguntzetarako 22.000 euroko diru partida du Udalak aurten eta eskaera batek gehienez 4.000 euroko dirulaguntza jaso ahal izango du.

  Bertako produktuak merkaturatzeko dirulaguntzen atalean, azokara baserri produktuak saltzera doazenei ematen zaien dirulaguntzaz gain, kontsumo taldeei zuzendutako laguntzak ere sartzen dira. Arlo honetarako 22.000 euroko partida du Udalak. Hirugarren laguntza lerroa, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko da. Partidarik txikiena da, 1.000 eurokoa, hain zuzen. Laugarrena, putzu septikoak garbitu eta berriak egiteko gastuak arintzera zuzenduta dago eta udalak, putzu septikoa husteko eta instalazio berriaren kostuaren erdia diruz lagunduko du. 3.500 euroko partida berezitu da. Bosgarren laguntza lerroa, 2.500 eurokoa, auzoetako ermitetan egiten den argindarraren kostua ordaintzeko da. Ermitak Gotzaitegiaren ardurapean egonik ere, argindarra auzotarren izenean dagoenean edo auzotarrek ordaintzen dutenean, udalaren dirulaguntza eskatu ahal izango du auzo alkateak. Baso-bide pribatuak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzaren xedea da, sektorea garatu, modernizatu edo egokitzeko helburuarekin eraikitako baso bideen kargua arintzea. Pista berriak egitea ez da diruz lagunduko, ezta aurreko 5 urteetan dirulaguntzaren bat jaso duten bideen mantentze lanak ere. Aurten egingo diren lanetarako dirulaguntzak dira. Eman, berriz, baso azaleraren arabera emango dira, gastuaren % 30 eta % 80 artean estaliz, baina gehienera, 3.000 euroko topearekin. Laguntza hauetarako 12.000 euroko partida berezitu du Udalak.

  Berrienak, landa-auzoetako baserrietan argi-puntuak jartzeko dirulaguntzak dira. Landa guneetako bizi-kalitatea hobetzeko xedez emango dira, eta auzoetako gune nagusietatik isolatuta egon eta kanpoaldean argiteria publikoa ez duten baserri jabeei zuzenduta daude. Udalaren dirulaguntza jasoko dute baserriaren sarrera nagusia argitzeko jartzen diren argi-puntuek. Argi-puntu bakarra lagunduko da eta instalakuntzarako materiala finantzatuko da, 300 euroko mugarekin.

  Aipatutako zazpi dirulaguntzetatik bostetan, eskaera abenduaren 31ra bitartean egin beharko da udal bulegoetan. Bertako produktuak azokara eramateagatik jasotzen diren dirulaguntzak, hiru hilabetetik behin ordaintzen dira eta ekoizleek ere hiru hilabetetik behin egin behar dute eskaera. Nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko dirulaguntzak berriz, 2025eko urtarrilaren 31ra arte eskatu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!